Eastern promises

Joseba Terreros 2007-10-17 11:42   Zinema kritikak

Film ona da, interesgarria, ondo atondua, traizinoz, mesfidantzaz, inbidiaz eta ostendutako interesez ezin hobeto hornidua, baina gizatasunaren zipriztinak be azaltzen dituana.

- Zuzendaria: David Cronenberg.
- Herrialdeak: Erresuma Batua, Kanada eta AEB.
- Iraupena: 100 minutu.
- Antzezleak: Viggo Mortensen (Nikolai Luzhin), Naomi Watts (Anna Khitrova), Vincent Cassel (Kirill), Armin Mueller-Stahl (Semyon), Sinéad Cusack (Helen), Jerzy Skolimowski (Stepan).
- Gidoia: Steve Knight.
- Musikea: Howard Shore.
- Argazkia: Peter Suschitzky.
- Muntaia: Ronald Sanders.
- Diseinua: Carol Spier.
- Jantziak: Denise Cronenberg.

Nikolai Luzhin misteriotsua eta karismatikoa Errusian jaio, baina Londresen dabil beharrean, herrialde horretako krimen antolatuaren familia garrantzitsuenetako baten txofer modura. Familia horren egonkortasuna kolokan iminiko dau semeak, kasu handiagoa egiten deutso-eta Nikolairi aitari baino.

Egia esan, autortu behar dot Eastern promises filmaren argumentua ez dala irakurri eta atoan itzel erakarten naben horreetarikoa, gustoak gusto, argi eta garbi dodalako mafien inguruko istorioek indarkeria sobran daukiena, eta azpimundu horreek normalean ez jataz lar interesaten. Edozelan be, pelikula honetako bortizkeria sikua da, biluzik agiri da, ezelako apaingarri barik, gordin eta ezin gogorrago. Horrek on eta txarren istorio honi zelan edo halango poetikotasuna emoten deutso, are handiagoa ulertzen dogunean personaia guzti-guztiak euren jokabidea gidatzen daben demoninoen kontra dabilzala burrukan. Istorio honetako protagonista guztiak galtzaileak dira, amaieran euren helburuak eskuratu ala ez.

Ganera, gidoian eta alkarrizketetan gomutan gordeteko moduko hainbat itaun-erantzun eta esaldi agiri dira eta horri guztiorri kadentzia eta erritmo lasai baina sendo batek jarraitzen deutso, kontakizunaren iluntasun eta balztasuna areago azpimarratuz.

Laburbilduz, film ona da, interesgarria, ondo atondua, traizinoz, mesfidantzaz, inbidiaz eta ostendutako interesez ezin hobeto hornidua, baina gizatasunaren zipriztinak be azaltzen dituana. Behar sendo eta indartsua, itzel gustauko jakena bizitza honen guzurrezko promesei esker bizi dirala dakien persona guztiei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu