Lilibertso ekimena jarri dabe martxan Gernikan

Gorka Intxaurbe 2007-10-11 15:15   Bertsolaritzea

Lagun artean bertsotan ibilten zarienok, parrandatan loratzen zarien bertsolariok, bertso saioetara publiko legez joaten zarienok edo bertso munduan aspalditik zagozanok batu ahal izatea da ekimenaren helburua, orain arte ez baita horretarako aukera lar egon. Zitea astelehenetan, 18:30etatik 20:30tara, Astra Gaztetxean izango da.

Gernikatik jatorku ekimen barria, Astra Gaztetxetik hain zuzen be. Lilibertso izenburuagaz, esan beharra dago ez dala bertso-eskola bat. Bultzatzaileak eurak dira berba hori neurri batean kendu gurako leukienak. Bertsoak entzutea edota bertsotan egitea gogoko dabenentzako leku aproposa da Astra Gaztetxea.

Ekimen honek eskualdeko bertsolari gazteak batzen ditu; halanda be, danentzako da deiadar bera. Eurak dinoen legez, deialdia irekia da eta Lilibertso bertsozale eta bertsolari guztiei dago zabalik. Guzti horreeri, jakinaren ganean egon daitezan, esan behar jake bertan ez dala klaserik emongo. Irakasle-ikasleak desagertu egingo dira, ez ordea bertso eskola batean beti dagozan galdera-erantzun egoerak.

Hamabost bertsolari eta bertsozalek osatzen dabe taldea. Xabier Enbeita, Ander Elortegi, Ibon Ajuria edo Oihane Enbeita, Xabier Goikoetxea edo Jon Rementeria besteak beste. Guztien gogoa bera da: lagun artean bertsotan ibilten zarienok, parrandatan loratzen zarien bertsolariok, bertso saioetara publiko legez joaten zarienok edo bertso munduan aspalditik zagozanok batu ahal izatea, orain arte ez baita horretarako aukera lar egon.

Lilibertso bakotasun bati erantzuten deutson ekimena da. Orain arte bertsolari eta bertsozaleek ez eukien topagunerik eta talde txikerretan batuten ziran. Orain, horrezaz ganera, talde zabalago bat be barneratuko dau Lilibertsok, ez bakarrik plazara edo txapelketei begira dagoan taldetxo bat, bertsozaleak eurak be parte hartu ahal izango dabelako.

Proiektuaren hasiera baino ez da oraindino baina danen artean giroa sortu ezkero seguru egon aurrera egingo dauena. Momentuz, alkartzen hasiko dira eta aurrera begira zehaztuko dabe zehaztu beharrekoa. Astelehenetan batuko dira 18:30etatik 20:30tara Astra Gaztetxean.

Jakitun zagoze eta zuon esku dago, bertsolari edo bertsozale.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu