La carta esférica
2007-09-21 14:53 Zinema kritikakNobela honek izan eban arrakasteak duda barik segurtatzen dau film hau zinemara sarri hurreratzen diran ohiko ikusleen kinielan sartuko dala. Edozelan be, aretora bertaraturiko ikusleek berehala sumatuko dabe desengainua.
- Zuzendaria: Imanol Uribe.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 100 minutu.
- Antzezleak: Carmelo Gómez (Coy), Aitana Sánchez-Gijón (Tánger Soto), Enrico Lo Verso (Nino Palermo), Javier García Gallego (pilotua), Gonzalo Cunill (Horacio Kiskoros), Lucina Gil (Rocío Gamboa), Carlos Kaniowsky (Perona).
- Gidoia: Imanol Uribe; Arturo Pérez-Reverteren nobela batean oinarrituta.
- Musikea: Bingen Mendizabal.
- Argazkia: Javier Aguirresarobe.
- Muntaia: Teresa Font.
- Zuzendaritza artistikoa: Benjamín Fernández.
- Jantziak: Helena Sanchís.
Marinel bat, Coy, itsasotik kanporatu dabe pare bat urterako, guardian egoanean ontziak ezbeharra izan ebalako. Tanger izeneko emakume misteriotsu eta ederra ezagutuko dau Bartzelonan, itsas objektuen enkante batean. Azken horrek kartografia munduko bitxi bat (Urrutiaren Itsas Atlasa) lortuko dau bertan, Nino Palermo abenturazaleari burruka bizian irabazita. Horacio Kiskoros argentinarra agertuko da orduan. Coy berehala konturatuko da hiru horreek helburu bera daukiela: Dei Gloria bergantina topetea. Hiru mende lehenago hondoratu zan ontzia Cartagenako kostaldean, antza danez, jesuiten kanporatzeagaz zerikusia eukan altxor misteriotsu bat eroala.
Nobela honek izan eban arrakasteak duda barik segurtatzen dau film hau zinemara sarri hurreratzen diran ohiko ikusleen kinielan sartuko dala; ganera, antzezleen zerrendea be ez da txarra eta horrek be emonaldira joateko nahia handitzen dau. Edozelan be, aretora bertaraturiko ikusleek berehala sumatuko dabe desengainua; izan be, gidoiak ez dauka indar dramatikorik eta alkarrizketak artifiziosoa dira, sendotasun bakoak. Ganera, pelikuleak ez dauka erritmorik, ezta bizitasunik be, hau da, behin be ez dau ezertan be sakontzen, azalari ederto eusten deuto, indarge, makal eta sinisgatx.
Hori bai, Pérez-Reverteren lanaren erakargarritasunak bere horretan dirau eta alderdi artistikoak, esaterako Agirresaroberen argazkia (itsasoaren argia, gauez zein egunez), onak dira. Esanak esan, horrek ez dau orekatzen ez gatzik ez piperrik ez daukan lan honen kaskarkeria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!