Depresinoa eta elikadurea
2007-09-21 12:22 Jan edanakUdagoienagaz batera, udabarrian pasetan dan legez, depresino kasuak ugariagoak izaten dira: oporrak amaitu, lanera eta eguneroko bizimodura buelta… Holako egoera eta sasoietan tristurea eta gogorik eza lako sentsazinoak ohikoak izaten dira. Gatx ziklikoa izateaz ganera (urte-sasoiaren arabera agertu eta desagertzen dana), depresinoa izan daiteke XXI. mendeko arazorik larrienetakoa.
Udagoienagaz batera, udabarrian pasetan dan legez, depresino kasuak ugariagoak izaten dira: oporrak amaitu, lanera eta eguneroko bizimodura buelta… Holako egoera eta sasoietan tristurea eta gogorik eza lako sentsazinoak ohikoak izaten dira. Gatx ziklikoa izateaz ganera (urte-sasoiaren arabera agertu eta desagertzen dana), depresinoa izan daiteke XXI. mendeko arazorik larrienetakoa.
Garuna gure gorputz osoak pisatzen dauenaren % 2-3 baino ez dan arren, elikagaie energiaren % 20 konsumiduten dau. Funtzionetako oxigenoa eta glukosea baino ez ditu behar baina, halan da be, beste hainbat nutrienteren preminan dagoz garunean ‘egoitzea’ daben hainbat funtzinok, berbarako, oroimenak eta kontzentrazinoak. Behar bezelako orekarik bako elikadureak bitamina-edo mineral-bakotasuna eragin leike eta gatx hori era askotako sintoma moduan azalduko da: apatia, gogorik eza, suminkortasuna, artegatasuna, nekea, arreta-faltea, oroimen-hutsuneak, kontzentretako zailtasunak eta depresioa.
Nerbio sistemearen nutrienteak
Elikagaien osogai batzuk garunaren eta neuronen funtzionamenduan berariazko zeregina beteten dabe; garunak holakoak ugari behar izaten ditu, gorputz osoko neuronen % 90etik gora bertan ditualako.
Karbohidratoak. Glukosa iturri nagusia. Karbohidratoak glukosa-molekulatan aberatsak diranez, horixe da garunak erabilten dauen nutriente energetikoa eta horregaitik komenidu da odolean glukosa maileari (‘gluzemia’) eustea.
Triptofanoa. Serotonina (‘umorearen hormona’) izeneko neurotransmisorea loaldi osasuntsuagaz, aldarte eta umore onagaz lotua dago eta garunean datza triptofanoa plasman eta garunean dagoan portzentajearen arabera. Triptofanoa funtsezko aminoazidoa (proteinen osogaia) dogu, elikadura bidez bihurtu behar doguna. Metabolismo-ziklo konplexuak beteaz serotonina bihurtzen da, B6 bitamina parte-hartzaile dalarik. Triptofano ugari daben elikagaiak arrautza, esnekiak, arraina, okelea, lekaleak, eta frutu sikuak dira.
B multzoko bitaminak. Garunaren eta nerbio sistema osoaren funtzionamendu egokian eragin handiena dabenaka B multzoko bitaminak dira:
B1 bitaminea (tiaminea). Karbohidratoen metabolismoan berebiziko eginkizuna beteten dauenez, bitamina horren bakotasuna energi iturri horren menpekotasun handia daben ehunetan, berbarako garunekoetan, agertzen da larrien. Bitamina honen eskasiak sumingarritasuna, kontzentretako eta gauzak gogoratzeko ahalmenik eza eta depresinoa eragin leikez. Soja freskoan, galorratzean, okela, arrain eta frutu sikuetan, lekale eta labore integraletan (oloan, batik bat) dago B1 bitaminea.
B6 bitaminea (piridoxinea). Hainbat neurotransmisoreren metabolismo eta biosintesiaren etapa batzuetan ez eze, neuronen mielinazko leka osotzean be eragiten dau. Bitamina honen eskasiak sumingarritasuna, artegatasuna, nekea eta depresinoa eragin leikez. Piridoxina ugari dabe galorratzak, burmuin eta erraiek, arrain urdinek, frutu sikuek, lekale eta labore integralek, gaztai sikuak eta garagardao-legamiak.
B12. Nerbio sistemearen funtzionamendu egokia eragiten dauenez, bitamina horren bakotasunak arazo neurologikoak (neuropatia sentsitiboa, adibidez, sumingarritasuna, depresino eta guzti) sortarazoten ditu. Bitamina honen iturria animaliazko elikagaiak dira, gibela eta ganerako erraiak, arrautzak eta gaztaia be bai.
Funtsezko gantz-azidoak. Funtsezko gantz-azido linoleiko eta linolenikoa ezinbestekoak dira nerbio sistemearen eta garunaren funtzionamendua bermatzeko. Funtsezko gantz-azidoen ekarpen egokia lortzen da hazien orioa, frutu sikuak, erabat landarezkoa dan margarinea, labore integralak, soja eta makailao gibelaren orioa kontsumiduta (edota osagarri dietetikoak, hala nola onagra orioa eta galorratza).
Burdina. Garuneko zelulek burdina erabilten dabe behar dan moduan funtzionetako; neurotransmisoreen funtzino eta sintesietan mineral horrek parte hartzen dauenez, burdin-bakotasuna kontzentretako, gauzez gogoratzeko eta ikasketetan edo lanean etekina emoteko ahalmena urritzeagaz lotzen da. Burdina ondoko jatekoetan dago: odolkia, erraiak (gibela, giltzurruna), galorratza, foie-grasa, okelea (zaldikia, batik bat), arraina, lekaleak, frutu siku eta labore integralak. Landarezko elikagaien burdina organismoak ez dau bestelakoa bezain erraz metabolizetan baina, haln da be, C bitamina ugari edo proteina asko daben elikagaiakaz konbinauta, mineral horren absortzino organikoa areagotu egiten da.
Depresinoaren kontra beste aholku batzuk:
- Ansiedade handiko momentuetarako paseoak emotea edo kaleko aktibidadeak oso positiboak dira.
- Lagun eta senideakaz momentu atseginak pasetea oso modu egokia izan daiteke sentiduten dozun tristura horri aurre egiteko.
- Zeozertan ibili beti, zure denporea modu atseginean pasetako, norberaren gustoko jarduera eta zereginak bilatu. - Obligazinoek ez dabe egun osoa hartu behar. Egunean ordubete gitxienez zuretzat izan daitela, nahi dozunerako.
- Depresinoa be osatu egiten da eta pentsau behar dozu gaur bizi dozun egoerea ez dala betirako izango.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!