Antioquiako (Kolonbia) Euskal Ikasketen Zentroak atzera begira jarri eta Jesus Arriola omenduko dau
2007-09-14 02:00 Euskaldunak munduanJesus Arriolak XIX. mendearen amaieran behar handia egin eban musika irakaskuntzan, baita musika zuzendaritzan be. Antioquian Arte Ederretako Unibersidade Fundazinoa sortu eban, eta fundazinoa da hain zuzen be omena egingo deutsona.
Antioquiako Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentroak Euskal Astea antolatu dau irailaren 14tik aurrera. Astebetez euskal kulturea ardatza izango da egingo dituezan ekitaldietan: berbaldiak, zinemea eta omenaldia. Jesus Arriolak XIX. mendearen amaieran behar handia egin eban musika irakaskuntzan, baita musika zuzendaritzan be. Antioquian Arte Ederretako Unibersidade Fundazinoa sortu eban, eta fundazinoa da hain zuzen be omena egingo deutsona. Baina hori ez zan izan sortu eban erakunde bakarra, El Quinteto Arriola be sortu eban, Unión Musicaleko zuzendaria izan zan, Antioquiako musikaririk onenak batzen zituana, eta La Lira Antioqueña, azken horregaz, Kolonbiako mugak zeharkatu eta Hegoameriketan birea be egin eben, eta New Yorken grabazino bat. La Lira Colombiana taldeagaz, orduko garrantzitsuena, AEBetera joan zan, Kolonbiako musikea zabaltzeko amesagaz, XX.mendearen hasieran. Medellinen bizi izan zan eta eragina izan eban sasoi haretako Kolonbiako musikan.
Atzera begira ez eze, aurrera eta gaur egunekoari be begiratuko deutsie Euskal Astean. Batetik, zinemeari jagokonez, Julio Medemen ‘Los amantes del circulo polar’ eta Alex de la Iglesiaren ‘La comunidad’ erakutsiko ditue. Berbaldiak be ez dira faltako. Jose Miguel Ramirezek bi emongo ditu: ‘La Lengua Vasca’ eta ‘Herencia de la lengua vasca en Antioquia’. Azkenik, jatekoari be lekua egin eta kulturan daukan garrantziaz berba egingo dau Edisón Parrak ‘La comida vasca y las sociedades gastronómicas’ berbaldian. Eta horregaz batera, Erakustaldi Gastronomikoa be egingo dabe. David Estaben Ricaurteren argazkiek astea borobilduko dabe, izan be, erakusketa interesgarriak atondi ditue: ‘Imágenes del País Vasco’ eta ‘Los rostros de los inmigrantes vascos en Antioquia’.
Antioquiako Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentroaren helburua Euskal Herritik Kolonbiara joandakoen ondarea zaintzea da, eta gogorarazotea herrian izan eben eragina eta egin zituen ekarpenak, baita ahaztuta dagoan tradizinoa be. Euskal kultureagaz bat egiten daben personak batzeko asmoa dauka eta genealogiari aparteko garrantzia emoten deutso, euren web-gunean ikusi daitekeenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!