Caótica Ana

Joseba Terreros 2007-09-07 02:00   Zinema kritikak

Caótica Ana filma emakumezkoen boterearen aldeko aldarrikapen modura atonduta dago. Ez da txarra, baina ezin da sinistu eta urrun dago Medemek aurreko lanetan erabilitako sinbolismo fin eta burutsutik.

- Zuzendari eta gidoilaria: Julio Medem
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 119 minutu.
- Antzezleak: Manuela Vellés (Ana), Charlotte Rampling (Justine), Bebe (Linda), Asier Newman (Anglo), Nicolas Cazalé (Said), Raúl Peña (Lucas), Gerrit Graham (Mr. Halcón), Matthias Habich (Klaus), Lluís Homar (Ismael).
- Musikea: Jocelyn Pook.
- Argazkia: Mario Montero.
- Zuzendaritza artistikoa: Montse Sanz.
- Jantziak: Estíbaliz Markiegi.

Ana margolari ameslaria Justine izeneko mezenas kosmopoliteagaz topauko da. Ikasketak Madrilen osotzeko aukerea eskainiko deutso, bertan bere babespean artista-talde bat dauka eta. Ibilbide horretan ezelan be itxaroten ez zituan esperientziak bizi eta kontinente barriak, iraganeko bizitzak eta urruneko mitoak ezagutzeko aukerea izango dau.

Caótica Ana filma emakumezkoen boterearen aldeko aldarrikapen modura atonduta dago; horrelako mezuak ez dira barriak Donostiako zuzendari ezagunaren filmetan, baina, oraingoan aparteko indarra hartzen dabe.

Filma Eivissan hasi eta New Yorken amaitzen da. Bien bitartean, protagonisteak hipnosiaren bitartezko digresinoak dirala-eta bizi izango dituan aldaketen barri izango dogu. Digresinook dira, hain zuzen, istorio honen makalgunerik agirikoena: zuzendariak heldu eragin gura deuskun bakearen aldeko mezu serioari sinisgarritasuna kentzen deutsie eta. Hau da, ez da behar besteko orekarik sumatzen Medemek erakutsi nahi deuskun ideiaren eta horretarako erabilten dauen istorioaren artean.

Hori bai, donostiarraren lanetan ohikoa dan legez, girotze lana, kontakizuna garatzeko kokalekua eta paisajeak ez eze artegintzea nahiz margolanak erabilteko aukeratutako bidea be ikusgarria da, on-ona benetan; horretan betiko maisua ikusi ahal izan genduan.

Edozelan be, istorioak berak huts egin deutsolakoa daukat; larregizkoa da, neurriz kanpokoa, gidoiak eskuetatik iges egin baleutso legez. Eta horrek sinplekeriara eta azalkeriara eroaten dau pelikula osoa. Ez da txarra, baina ezin da sinistu eta urrun dago Medemek aurreko lanetan erabilitako sinbolismo fin eta burutsutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu