The Bourne ultimatum

Joseba Terreros 2007-08-17 02:00   Zinema kritikak

Film honek erritmo ezin biziagoa dauka eta dan-dana etenbako ekintza eszena zorabiagarrien menpe dago. Ikusleek ezin dabe unekada bakar batean be atsedenik hartu eta, alde horretatik, egia da inor ez dana abroziduko.

- Zuzendaria: Paul Greengrass.
- Herrialdea: AEB.
- Antzezleak: Matt Damon (Jason Bourne), Julia Stiles (Nicky Parsons), Joan Allen (Pamela Landy), David Strathairn (Noah Vosen), Paddy Considine (Simon Ross), Scott Glenn (Ezra Kramer), Edgar Ramírez (Paz), Albert Finney (Albert Hirsch doktorea).
- Gidoia: Tony Gilroy, Tom Stoppard, Scott Burns eta Paul Attanasio; Robert Ludlum-en nobelan oinarrituta.
- Musikea: John Powell.
- Argazkia: Oliver Wood.
- Muntaia: Christopher Rouse.
- Diseinua: Peter Wenham.
- Jantziak: Shay Cunliffe.

Desagertu eta ostendu gura izan dau. Baina arerioek neskalaguna hil deutsie eta mendekua hartzen behartuta ikusiko dau bere burua. Ez deutso ezerk ardura: ez tiroek, ezta atzetik orpoz opor daukazan ordainpeko hiltzaileek be. Helburua hasikerara itzultzea da, eta nor dan jakitea, bere bizitzearen puzzlea osotzeko.

Film honek erritmo ezin biziagoa dauka eta dan-dana etenbako ekintza eszena zorabiagarrien menpe dago. Protagonistea Mosku, Paris, Londres, Madril, Maroko eta New Yorken ikusi ahal izango dogu eta uri bakotxean CIAko agenteei egin behar izango deutse aurre, normaltasunez atondu gura izan daben gaitasun ikaragarri baizen sinisgatx batez.

Esan lez, pelikulearen trama eta egitura osoa amaierarik ez daukala emoten dauen abiada ezin arinago baten menpe dago. Gidoia be bizitasun zital horri laguntzeko osogaia besterik ez da. Alde horretarik, beraz, argumentua nahiz personaien karakterizazinoa nahiko hutsalak dira, nahiko eskasak eta urriak. Azken batean, autortu beharra dago zuzendariak piroteknia ikusgarria erabili dauela. Ikusleek ezin dabe unekada bakar batean be atsedenik hartu eta, alde horretatik, egia da inor ez dana abroziduko. Arazoa zera da: areto barruan bat baino gehiago zorabiatuko dala eta filmaren amaieran ez dauela jakingo oso ondo zer demontre ikusi dauen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu