Kriantza ardaoa: prozesua eta egurra
2007-08-13 02:00 Jan edanakBodegara sartu eta kriantza ardaoen lekura ailegaukeran, haretx egurraren usain nabarmenaz gan, bake sentsazinoa eta lasaitasuna be igarten dira.
Bodegara sartu eta kriantza ardaoen lekura ailegaukeran, haretx egurraren usain nabarmenaz gan, bake sentsazinoa eta lasaitasuna be igarten dira. Izan be, kriantzarako fenomenoa antxinako artea da. Barrika barruan hainbat erreakzino kimiko izaten dira eta, ondoren, ardao hori epe zehatz batean gordeta euki eta kalidadeko ezaugarri organoleptikoak izango dituan ardo dotorea lortuko da.
Kriantzarako prozesua oso garrantzitsua da kalidadeko ardaoa lortzeko. Prozesuaren tarte horretan, enologoek, produzidutako ardaoaren arabera, kriantza oxidatiborako egur muetak eta baldintzak erabagi behar ditue. Ezin da ahaztu gero, botilan, ardaoak beste kriantza bat izango dauela, ‘erreduktorea’ izenekoa. Ganera, ardoa oxigenorik barik izaten da botilan.
Ardaoa kupel barruan dagoanean, bertan emoten dan zahartze prozesua hur-hurretik jarraitu behar da jakiteko noiz dan une egokiena prozesuari amaierea emoteko. Jarraipen hori katearen bidez egiten da.
Egurrak gainazal errearen osogai konposatuak ganeratzen deutsoz ardaoari eta horreek ardaoak berak dituan beste osogai batzukaz alkartzen diranean, usain berezia sortzen dabe. Bestalde, nabarmendu behar da ardaoek konposatu polifenolikoak izaten dituezala, batez be taninoak (ardaoak ahoan sortzen dauen egiturea osotzen dabe). Azkenik, mikrooxigenazino fenomenoa be kontuan hartu behar da, oso garrantzitsua dalako. Prozesu horretan, egurraren poroetatik oxigenoa astiro-astiro pasetan da ardaora. Aitatutako fenomeno danei esker lortzen da ardaoa egonkortzea eta ardaoen berezko klarifikazinoak.
Bodegearen klimatizazino egokiak zehaztuko deuskuz ardoaren erritmoa eta garapena. Temperatura egokiena 13º eta 15ºC bitartekoa da eta hezetasuna % 75-80 bitartekoa. Temperatura bajuagoek egurraren zeregina murrizten dabe eta 15ºtik gorako tenperaturek, batez be giroa sikua bada, ardaoa lurrundu eragiten dabe, kriantza prozesua areagotuz. Bestalde, kontu handiz ibili behar da hezetasunagaz, egurrean honddorik ez sortzeko.
Haretx frantsesa VS. Haretx amerikarra
Toneleria industrian erabilitako haretx klasikoa haretx zurien taldekoa izan da eta Frantziako basoetako Quercus robur eta Q. petraea Liebl eta Estadu Batuetako ekialdeko itsasaldeko Q alba L. izan dira. Orain, ostera, bodegak Hungria, Bulgaria eta ekialdeko hainbat herrialdetatik ekarten hasi dira kupelak. Izan be, kupel horreek frantziako haretxagaz edota haretx amerikarragaz egindako kupelen antzekoak dira.
Amerikar haretxa kriantza laburretarako erabilten da, ahoan egitura ez hain mamitsua lortzeko. Tono gozoagoak lortzen dira eta usainek bainilla eta koko ikutua izaten dabe (ezki arbolen egurrak dauen metil-oktolaktona deituriko konposadu batek sortuta). Bestalde, haretx frantsesean luzarorako ardaoak ontzen dira. Ardao horreek usaien ezaugarri gehiago ditue, espezieak, balsamoak, ketuak… Ganera, ahoan askoz egituratuagoak dira. Egun, Roble Español deiturikoaren erabilerea be ikertzen dagoz Q. pyrenaica, Iberiar Penintsulakoa. Oso aproposa ei da barriketarako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!