Mon meilleur ami

Joseba Terreros 2007-08-08 02:00   Zinema kritikak

Filmak bizitza honetako egoismoaren, bakardadearen eta hutsueen ganean egiten dau berba ezelango histrionismo barik eta, seguru antzean, horrexegaitik lortu dau ikuslerik gehienen oneretxia.

- Zuzendaria: Patrice Leconte.
- Herrialdea: Frantzia.
- Iraupena: 94 minutu.
- Antzezleak: Daniel Auteuil (François), Dany Boon (Bruno), Julie Gayet (Catherine), Julie Durand (Louise), Jacques Mathou (Brunoren aita), Marie Pillet (Brunoren ama), Elisabeth Bourgine (Julia), Henri Garcin (Delamotte), Jacques Spiesser (Letellier).
- Gidoia: Jérôme Tonnerre eta Patrice Leconte; Olivier Dazat-en argumentu batean oinarrituta.
- Musikea: Xavier Demerliac.
- Argazkia: Jean-Marie Dreujou.
- Muntaia: Joëlle Hache.
- Diseinua: Ivan Maussion.
- Jantziak: Annie Périer Bertaux.

François (Daniel Auteuil) arte merkatari diruduna da, bizitzan negozioaz besterik arduratzen ez dana. Bruno taxilari atsegina da eta sano persona jakintsua. Patuak biak batuko ditu François-ek postura harrigarri bat onartzen dauenean: bazkideak, Catherinek, desafioa egin eta lagunik onena aurkeztea eskatuko deutso, bat bez ez daukalakoan. François une horretan konturatuko da ez daukala lagunik. Adiskide salbatzaile horren bila, François-ek Brunoren taxia hartuko dau behin baino gehiagotan eta orduantxe ikusiko dau taxilariak itzelezko erraztasuna daukala jendearen gustokoa izateko.

Film honetako istorioa ez da barria eta nahiko erraz aurreikus daiteke, hasikeratik kontakizunean bertan argi ixten dabe-eta maitasun eta adiskidetasuneko hartu-emonak ezin dirana behartu. Dana dala, handigurarik ez daukanez eta ederto egituratuta dagoanez, ikus-entzule mueta askoren gogokoa izan da orain arte.

Ganera, komedia dramatiko hau atsegin eta gozoa da, baina ez dau eragiten ez barre zantzorik ez aparteko zirrararik, umore burutsu eta finaren bidetik abiatzen dalako. Bizitza honetako egoismoaren, bakardadearen eta hutsuneen ganean egiten dau berba ezelango histrionismo barik eta, seguru antzean, horrexegaitik lortu dau ikuslerik gehienen oneretxia. Era berean, protagonista bien jarduna on-ona da eta erritmoa nahiz gidoia guztiz egokiak. Beharbada amaierea lar mengela eta indargea da, baina ez txarra. Harrituko ez zaituen arren, merezidu dau, adiskidantzearen garrantziaz pentsetako aukera ezin hobea emoten deuskulako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu