Euskal Etxeak geroari begira

Iratxe Ormatza 2007-07-11 02:00   Euskaldunak munduan

‘Konplexurik barik defendidu behar da identidadea. Ez da inoiz gure identidadearen, gure kulturearen eta gure hizkuntzearen defentsa alde batera itxi behar; bestela, noraezean dabilen ontzi bat izango gara globalizazinoaren munduan’ adierazo eban lehendakariak.

‘Zubigintzan’ lemapean, Euskal Gizataldeen IV. Mundu Batzarra dogu egunotan (9tik 13ra) Bilbon, Euskalduna Jauregian. Danetara, 150 ordezkari etorri dira Ameriketatik, Australiatik eta Europako beste herrialde batzuetatik.

Hasiera ekitaldia Guggenheim museoan egin eben. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak banan-banan agurtu zituan atzerritik etorritako ordezkariak. Sarrera-berbaldia egin eben Ibarretxe lehendakariak eta Iñaki Agirre Kanpo Ekintzarako Idazkari Nagusiak. Era berean, bost euskal etxek saria jaso eben zaharrenetakoak diralako. Ameriketako Estadu Batuetako Idaho Gooding euskal etxeak 25 urte bete ditu; ABEetako San Franciscoko euskal etxeak beste horrenbeste; Madrilekoak be 25 urte egin ditu, Parisekoak, 50 urte; eta Mexiko DFko euskal etxeak 100 bete barri ditu. Aitatutako euskal etxeetako ordezkariek ikurra jaso eben.

Ibarretxe lehendakariak euskal etxeek kanpoan daben arduraz jardun eban, kanpoko loturea izatean, Euskal Herriaren ordezkariak diran neurrian. Era berean,teknologia berrien garrantzia nabarmendu eban ‘Euskal Herrian bizi garan hiru miloe euskal herritarrak eta munduan zehar bizi diran euskal jatorriko sei miloe personak loturea izateko’.

Lehendakariak Euskal etxeek euskal kulturea eta identidadea gordeteko eta bultzatzeko egin daben lana goraipatu eban eta lan horretaz harro dagoala gaineratu eban. Horrezaz gan, Euskal Herrian zein kanpoan bizi diran euskal herritarren arteko hartu-emonak estutzeko Internetek emoten dauen aukerea nabarmendu eban, nahiz eta teknologia barriek globalizautako munduak izan leiken homogeneizazino arriskuaz be ohartarazo. ‘Konplexurik barik defendidu behar da identidadea. Ez da inoiz gure identidadearen, gure kulturearen eta gure hizkuntzearen defentsa alde batera itxi behar; bestela, noraezean dabilen ontzi bat izango gara globalizazinoaren munduan’ adierazo eban lehendakariak.

Gloria Totorikaguena, Nevada Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendariak euskal etxeek daben erronkeari heldu eutsen. Totorikaguena euskal emigranteen alabea da, AEBetan bizi dana, txikitatik euskal etxeetan hazi izandakoa. Helduaroan euskal diasporea izan da bere azterlanen eta ikerketen eremua. Gaia, halan ba, sakon ezagutzen dau. Hori dala-eta, haren berbak erronkazaleak izan ziran. Begirada kritikoaz euskal etxeei begiratu, egiten daben beharra aztertu eta geroari begira egin beharrekoaren harian egin eban berba.

Identidadea gai konplexua da bai Euskal Herrian bai diasporan. Totorikaguenak gogora ekarri eban sarri euskal etxekoek esaten deutsela identidadea galzorian dagoala. Baina, berak beste ikuspegi bat ekarri eban esanez, identidadea ez dagoala galzorian, identidadea aldatuz doala baino. Hori gogoan hartuta, euskal etxeek behar egin behar dabela esan eban, egokitu, aldaketei bildurrik izan barik.

Gaur egungo euskal etxeak ez dira orain berrogeta hamar urtekoak. Orduan euskal etxeak topagune ziran, euskaldunak batzeko lekuak. Herriminez bizi ziranek herriko ohiturei eusteko: kartetan, pelota partiduak, afariak, euskal dantzak, kantuak…. Gaur egun, barriz, euskal etxeek beste eginkizun bat dabela esan eban Totorikaguenak, eta daborduko ezin dirala atzera begira egon, aurrera baino, gaurko egoerara egokitzeko bidea topau behar dabela. Halanda ze, Totorikaguenak esan eban aldaketak ikusi, onartu eta barneratu egin behar dituela, eta horretarako beharrezkoa dala liderrak sortzea, hori guztia aurrera eroango daben personak.

Azkenik, Totorikaguenak esan eban beharrezkoa zala euskal emigrazinoaren ganeko zentroa edo museoa zabaltzea. Izan be, diasporako euskaldunek material ugari dabe, eta hori dana batu eta aztertu egin beharko litzatekela esan eban. Holan, ideiak, personak mobidu egingo litzatekez eta, joan-etorriek euskadunen historia ulertzen lagunduko leukie.

Euskal Etxeek historia, identidadea eta gaur eguneko Euskal Herriaren irudia zabaldu behar dabela esan eban, gaur egunekoa, gaurkoari lotuta, kanpoan dagoan mesfidantzeari aurre eginez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu