Odette Toulemonde

Joseba Terreros 2007-07-11 02:00   Zinema kritikak

Honako hau film faltsu baizen artifiziosoa da, hutsala baizen eztiegia, komedia gozoaren urregorri itxurako apaingarri merkeetan bildutako istorio gazbako eta zentzunbakoa, hatan be. Indarge egiten dau aurrera, postaletako ilunabar edo iratargi bete eta ederretako mundu liluragarri eta guzurrezkoei eutsita.

- Zuzendari eta gidoilaria: Eric-Emmanuel Schmitt.
- Herrialdeak: Frantzia eta Belgika.
- Iraupena: 100 minutu.
- Antzezleak: Catherine Frot (Odette Toulemonde), Albert Dupontel (Balthazar Balsan), Jacques Weber (Olaf Pims), Fabrice Murgia (Rudy), Nina Drecq (Sue Helen), Camille Japy (Nadine), Alain Doutey (argitaratzailea), Julien Frison (François), Laurence D'Amelio (Isabelle), Aïssatou Diop (Florence).
- Musikea: Nicola Piovani.
- Argazkia: Carlo Varini.
- Muntaia: Philippe Bourgueil.
- Zuzendaritza artistikoa: Bruno Metzger.
- Jantziak: Corrine Jorry.

Odette Toulemondek bere idazlerik gustokoena, Balthazar Balsan, ezagutuko dau behingoz; baina idazle ospetsu, aberats eta erakargarria depresinoan jausteko zorian dago. Saltoki handi bateko kosmetiko saltzaile apala da Odette, eta idazleari bere nobelak irakurtean sentiduten dauen poztasuna erakusten ahaleginduko da.

Honako hau film faltsu baizen artifiziosoa da, hutsala baizen eztiegia, komedia gozoaren urregorri itxurako apaingarri merkeetan bildutako istorio gazbako eta zentzunbakoa, hatan be. Indarge egiten dau aurrera, postaletako ilunabar edo iratargi bete eta ederretako mundu liluragarri eta guzurrezkoei eutsita. Arrosa koloreko errealidadea erakusten dau, imajinau daitekezan estereotipo guztiei oratuta: seme homosexuala, sexu liberalean jarduten daben auzokideak, alaba suminkor baina maitagarria...

Personaiak lauak eta sinpleak dira eta topikoz betetakoak; agiri-agirian dago Amélie arrakastatsuaren imitazino txarra egiteko ahaleginak egin dituela, baina honako hau arin be arin ikusi eta ahazten dan ipuinezko kontakizun mengel bat besterik ez da; ez da gatxa benetakoaren eta kopia burubako honen artean bereiztea. Aukeran hobe jatorrizkoa bideoklubean hartu eta ostera be ikustea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu