Café solo... o con ellas

Joseba Terreros 2007-07-05 02:00   Zinema kritikak

Komedia honek ez dauka ezelango handigurarik eta bertan agiri diran egoeretariko batzuk absurdoak baizen sinisgatxak dira, baina, behinik behin, barre algara batzuk egiteko aukerea emoten dau.

- Zuzendari eta gidoilaria: Álvaro Díaz Lorenzo.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 100 minutu.
- Antzezleak: Alejo Sauras (Pedro), Lucía Jiménez (Bea), Asier Etxeandia (Javi), Elena Ballesteros (Alma), Inma Cuesta (Sonia), Diego París (Hugo), Javier Godino (Dani), Terele Pávez (Paca).
- Musikea: Mario de Benito.
- Argazkia: Teo Delgado.
- Muntaia: Luisma del Valle.
- Zuzendaritza artistikoa: Javier Fernández.
- Jantziak: José María de Cossío.

Hogeita hamar urteen mugara hurreratzen dabilzan lau lagun dira Javi, Hugo, Dani eta Pedro. Bizitzan euren lekua topau gura dabe eta neskakaz dituezan hartu-emonak dirala-eta nahiko arduratuta dagoz. Javiren kafetegia da lau gazte honeen alkargunea, eta saskibaloi partiduen eta parranden artean bizi dira, baina batez be burutazinoak asmetan emoten dabe denporea, gehien nahi dabena lortzeko: maiteko daben neska bat… eta ederra bada, hobeto.

Komedia honek ez dauka ezelango handigurarik eta bertan agiri diran egoeretariko batzuk absurdoak baizen sinisgatxak dira, baina, behinik behin, barre algara batzuk egiteko aukerea emoten dau. Hori bai, pelikula honetako umorea nahiko gordina da, nahiko inozentea eta hainbatetan txatxarra. Ganera, personaia femeninoak ez dagoz bape ondo irudikatuta, seguru antzean sexu gatazken ikuspuntuen abiapuntua lau protagonista maskulinoena besterik ez dalako.

Bestalde, personaia estereotipatuak azaltzen dira, baina guztiok erraz be erraz indentifiketako modukoak: neskazalea, betirik neskalaguna izan dauena, neskalagunak itxi dauena denpora luzean alkarregaz egon ostean eta bape ligetan ez dauena. Horri guztiorri gidoi lotsabako, astakilo baina txinpartatsua gehitu behar jako, egunean-egunean entzun daitekezan esapidez betetakoa. Umore arina eta nahiko ganorabakoa udako sasoi lasai honetarako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu