Izozkiak urte osorako dira onak

Amaia Laforga Dietetika Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2007-07-02 02:00   Jan edanak

Izozkiak dietarako elikagai egokia dira eta arazorik barik jan daitekez neurriz kontsumidu ezkero. Eta ez dira udeagaz lotutako produktutzat hartu behar, urteko edozein sasoitan kontsumidu daitekez. Gainera, oso interesgarriak dira, batez be, gomendatutakoa baino esneki gitxiago kontsumiduten daben personentzako.

Udako tenperatura altuek gure ohitura askotan eragiten dabe, eta jateko kontuetan be bai, jakina. Ohikoa da jateko gogo gitxiago eukitea, eta jateko arinagoak eta ur gehiagokoak hartzeko edota sukaldean lan gehiegi emoten ez daben errezetak preparetako gogoa izatea. Beraz, entsaladak, zopa hotzak, frutea, plantxak, irabiatuak eta fruten ura bihurtzen dira protagonista udako elikaduran, hau da, bitamina asko eta kaloria gitxiko dietea.

Edozelan be, uda-udako izarrak izozkiak izaten dira. Freskagarriak eta gozoak, izozkiak udan gehien kontsumiduten diran produktuetako bat dira, eta pisua galdu nahi izan ezkero, tentazinoa izaten dira. Baina kaloriez gan, onuragarriak eta kaltegarriak diran beste elikagai batzuk ditue.


Izozkiak bazkari on baten amaiera bikaina dira, baita ahoa gozatzeko eta udako beroari eguneko edozein ordutan aurre egiteko gozokia be. Ia inork ezin deutse uko egin, eta horregaitik, garrantzitsua da gehiegizko kontsumoak osasunean zer ondorio dituan jakitea.


Esneagaz edo uragaz egindako izozkiak

Bi izozki mueta nagusi dagoz: esneagaz edo esnekiz egindakoak eta oinarrian ura dabenak, ‘polo’ ezagunak. Biek frutea eta frutu sikuak, azukerea, txokolatea edo kafea, aromak eta koloranteak izan leikiez. Esnekiakaz egindako izozkiek arrautzea izaten dabe. Azkeneko konbinazino horrek kaltzio ugari, proteinak eta A eta B2 bitaminak izaten ditu. Horregaitik, esnekitzat hartzen da eta txikientzat elikagai gomendagarria izaten da, organismoa eta hazurrak garatzen ari diralako. Azukerea, izozkien pisuaren % 25eraino izan daiteke. Energia iturri aparta da. Frutetatik, barriz, C bitamina antioxidatzaile preziatua lortzen da.

Izotzezko izozkiak koipe gitxi eta ur asko daukie, eta organismoak ur kopuru handia galdu dauenean laguntza ona dira.


Nutrizinoaren aldetik

- Kaloriak: 200-250 kaloria 100 gramoko, krema edo esnegainezko izozkietan. Uragaz egindakoek eta light muetakoek (oso gantz gitxi eta kaloriarik bako edulkoratzaileak dauzkatelako), dezente kaloria gitxiagokoak dira.

- Karbohidratoak: sakarosa edo azukera arrunta eta glukosa edo glukosa-siropa daukie krema edo esnedun izozkiek eta gitxienez, % 13 karbohidratoetan. Diabetikoentzako izozki bereziek edulkoratzaile artifizialak edo fruktosea erabilten dira. Hotzak, jakina danez, gustoen pertzepzioa ahuldu egiten dau, dastamen-papiletan zeozelako anestesia eragiten aduelako; beraz, hozten ez diran produktuetan baino azukera gehiago erantsi behar jako izozkiari.

- Gantza: esne eta esnekiena (esnegaina eta gurina) eta, neurri txikiagoan, hidrogenaturiko koko eta palmarena. Ehuneko 10 izan daitekez gantzak osoketean. Esnezko izozkiek esne-gantza besterik ez daukie eta, osoketan bestelakorik sartu ezkero, etiketan adierazo beharko litzakete. Kolesterol-ekarpena handia ez dan arren, gantz horreek neurri handi batean saturatuak dira; beraz, izozkien neurrizko kontsumoa da gomendagarriena. Ura oinarri daben izozkiek ez daukie ez gantzik ez kolesterolik.

- Proteinak: esnearenak eta esnekienak (edukiaren % 5, krema edo esnezko izozkietan) kalidade on-onekoak eta liserigarriak dira. Osogaien artean arrautza-gorringoa, frutu sikuak, gailetak, etab. badagoz, ekarpen kalorikoa areagotu egiten da baina ez gehiegi, osogai horreek oso kopuru txikietan erabilten diralako.

- Bitaminak: izozkiaren arrautza eta esne-kopuruaren arabera. Krema edo esnezkoek eta postre izoztu batzuek gantzetan urtzen diran bitaminak (liposolubleak, hau da, A eta D) daukiez. Nabarmentzekoa da, era berean, B2 bitaminea edo riboflabinea.

- Mineralak: esneki, fruta eta frutu sikuak dira mineraletan aberatsak: esnearen kaltzio eta fosforoa, landare jatorriko potasioa eta magnesioa, etab. Ura oinarri daben izozkiek ez daukie ia mineralik.


Izozkien onurak

Izozkien abantaila nagusien artean, tenperatura handiek eragiten daben deshidratazinoari aurre egiteko onak dirala da. Esneki bezela kaltzio eta D-bitamina iturri izateaz gan, esfortzu fisiko handiak egiten badira onuragarriak dira eta odoljarioen kontrako boterea dabelako, amigdalen ebaketen ondoren aproposak dira. Gainera, digestinoa egiteko onak dira.



Izozkien desabantailak

Desabantailen artean, gantz saturatuen kopurua da inportanteena; esnez edo esnekiz egindako izozkien kasuan, eta arazo kardiobaskularrak edo kolesterol handia daben personentzat kaltegarriak izan daitekez. Gehiegizko pisua dabenentzat edo dietea egiten ari diranentzat be ez dira komenigarriak. Halan da be, bi kasuetan lightbariedadeak dagoz aukeran, esne deskrematuz eta edulkoratzaileez eginak. Izozki mueta horretan, koipea gehienez % 2 izaten da, eta batzuek sakarosea barik, fruktosea izaten dabe.

Amaitzeko, izozkiak dietarako elikagai egokia dira eta arazorik barik jan daitekez neurriz kontsumidu ezkero. Eta ez dira udeagaz lotutako produktutzat hartu behar, urteko edozein sasoitan kontsumidu daitekez. Gainera, oso interesgarriak dira, batez be, gomendatutakoa baino esneki gitxiago kontsumiduten daben personentzako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu