Argentinako General Villegaseko Euskal Etxeak egoitza barria zabaldu dau
2007-06-26 02:00 Euskaldunak munduanOrain dala sei urte General Villegaseko euskaldunek euskal etxea zabaldu eben. Herriko lehenengoa zan eta, aurretik euskaldunak bizi izan arren, ordura arte ez eben izan euskal etxerik. Orain, egoitza barria edegi dabe.
Orain dala sei urte General Villegaseko euskaldunek euskal etxea zabaldu eben. Herriko lehenengoa zan eta, aurretik euskaldunak bizi izan arren, ordura arte ez eben izan euskal etxerik. Etxe barria sortu ebela ospatzeko, ekitaldia egin eben, itzelezko afariagaz.
Orain, egoitza barria edegi dabe, baina aurrera begira ames handiagoak be badagoz. Izan be, benetan euren nahia egoitzarako etxea altzetea da. Horretarako, bazkideen edota kanpokoen kolaborazinoak beharko leukiezala adierazo dabe.
Herrian 29.000 lagun dagoz eta euskal etxean ehun eta berrogeita hamar bueltan dira. Bideari ekin eutsenetik jarduera asko eta asko egin izan ditue. Hasieran, Euskal Herriaren ganeko informazinoa zabaldu eben, zazpi lurraldeak kontuan hartuta. Gernika be gogoan izan dabe eta bideo baten eta berbaldien bidez 36ko gerran jazotakoa eta haren ondorioak berbabide izan ziran.
Aitatutakoagaz batera, bestelako jarduerak be egiten ditue, berbarako, euskera eskolak, euskal jantzak ikasteko ikastaroa, umeen abesbatza eta abar. Eskaintzea ez dago bakarrik Euskal Herriari lotuta eta Argentinako folklorea be irakasten dabe euskal etxean.
Euskal Herriagazko loturea sinbolikoa baino zeozer gehiago da. Hilero-hilero aldizkari bat kaleratzen dabe edo, hobeto esateko, sareratzen dabe. Posta elektronikoaren bidez, Euskal Herriko albisteak jorratzen ditue, ‘Beti Aurrera’ izeneko boletinean. Irratian be programa bat egiten dabe: ‘La hora de los vascos’, astean ordubetez (17:00etatik 18:00etara FM Infinitan) euskal etxeak egiten dauena azaltzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!