Hors de prix
2007-06-25 02:00 Zinema kritikakBarre zantzorik eragin ez arren, pelikula hau komediatzat hartu dabe, baina, beharbada, demaseko algaren ordez, helburua ikusleei metraje osoan kentzen ez jaken irribarre gozo bat sortuarazotea izan da.
- Zuzendaria: Pierre Salvadori.
- Herrialdea: Frantzia.
- Iraupena: 104 minutu.
- Antzezleak: Audrey Tautou (Irène), Gad Elmaleh (Jean), Marie-Christine Adam (Madeleine), Vernon Dobtcheff (Jacques), Jacques Spiesser (Gilles), Annelise Hesme (Agnès).
- Gidoia: Pierre Salvadori eta Benoît Graffin.
- Musikea: Camille Bazbaz.
- Argazkia: Gilles Henry.
- Muntaia: Isabelle Devinck.
- Jantziak: Virginie Montel.
Nahiko entretenigarria izanagaitik be, film hau mila biderrez jorratutako bideetatik dabilela esan daiteke. Txarto ulertu batek betiko amodio kontua ekarriko deusku, dan-danok aldez aurretik aurreikusteko moduko ondorioak eta guzti. Barre zantzorik eragin ez arren, pelikula hau komediatzat hartu dabe, baina, beharbada, demaseko algaren ordez, helburua ikusleei metraje osoan kentzen ez jaken irribarre gozo bat sortuarazotea izan da.
Azken batean, Hors de prix pelikula eraginkorra da, jentea erakarri eta gusto gozogarria ixten deutson horreetariko bat. Edozelan be, zoritxarrez Europako zinemagintzea gero eta hurrago dago Hollywood-eko ameseta estereotipoetatik, eta film hau horren erakusgarri argia da. Dan-dana lar zuzena, lar zehatza da, lar neurtuta dago; horma irmo eta sendoen ganean eregita dago, baina indarge agiri da, komertzialegi.
Dirua, luxua eta protagonistearen jantzi desfile amaituezina ikusiko dozue, baina, era berean, zelan edo halango kutsu edo ukitu klasikoa igarri dakikeo eta erritmo egokia dauka. Ez da apartekoa, baina gure aretoetara ailegetan diran komedia erromantikoen aldean, ez da hain txarra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!