Fernado Villena: ‘Kanpora joakeran, zure kulturea beste ikuspuntu batetik baloretan dozu’
2007-06-15 02:00 BarriketanBeka bati esker Norvegian egonaldia egin dauen pintore bilbotarra
Fernando Villena (Bilbo, 1974) Arte Ederrak Leioan ikasi zituanetik ez da geldi egon, Ameriketako Estadu Batuetan, Puerto Ricon eta Euskal Herrian bizi izan da eta makinatxu bat erakusketa egin ditu, Bilbon, New Yorken, New Jerseyn, Puerto Ricon, Arco Ferian, Madrilen, Plentzian, Albaceten... Villenaren lanei baikortasuna, indarra eta bakea darie. Orain dala gitxira arte, Norvegian bizi izan da BilbaoArteko beka bati esker.
1.- Arteari jagokonez, zer topau dozu Norvegian?
Egia esan suberte handia izan dot. Hona etorri baino lehen, urtebetez ibili nintzan pentsetan Europako iparraldera etorri gura nebala, beste giro bat bizi, pintau eta argazkiak atarateko. Bilbao Arte Fundazinoaren eta Rolaland Kunstsentre-ren arteko trukea ondo baino hobeto etorri jat. Hona etorri gura neban argitasun guztiz diferentearen bila, hotzagoa da hemengo argia. Horrek koloreak aldatzen ditu, kolore-sorta handiagoa deskubriduten dozu.
2.- Zure bizimodu profesionalak New Yorkera eta Puerto Ricora eroan zaitu. Zer topau dozu lekuotan, hain desbardinak izanda, zer erantsi deutsie zure bizimoduari eta prozesu artistikoari?
Leioan Arte Ederrak ikasi nituan bitartean, Plentziako forma organikoen eta Bilboko forma arkitektonikoen artean egozan loturak landu nituan. Urian bizi nintzan, eta horrek forma organikoak aintzat hartzen lagundu eustan, eta pinturan islatu zan.
Nire pintura-prozesuaren garapena beti egon da unean uneko bizi-egoereagaz lotuta eta, esangura horretan, Bilbon forma organikoen faltea igarten neban eta zeozelan bakotasun hori bete guran edo New Yorkera joatea erabagi neban. Han School of Visual Arts-en matrikulau nintzan eta bien bitartean Central Parken nahikoa denpora pasetan neban, marrazten eta indarrak barritzen. Horrek areagotu egiten eban organiko eta arkitektonikoaren arteko aldea. Gero, pentsau neban zentzuzkoena guztiz organikoa zan nonora joatea izango zala eta, beraz, Puerto Ricora joan nintzan, Yunquera, hain zuzen be; argazki partidea egin neban bertan eta marrazkiak egiten be gustora ibili nintzan. Uriaren bihotzetik basoaren bihotzera. New Yorkek, baita orain Norvegiak be, eta orduan Puerto Ricok argitasuna emon eustien, kolore desbardinak ezagutu nituan, Euskadin ez doguzanak. Sarritan, desbardintasunak itzelak izan arren, etxean dozuna aintzat hartzen eta hangoaz konturatzen laguntzen deutsue.
3.- Pentsetan dot azken urteotan kanpoan egon izanak eragina izango ebala zure pentsakeran edo bizimoduan. Zelan eragin dau paisaje, ohitura eta jente diferente artean bizi izanak?
Lehen esan dodan legez, leku bakotxak zeozer barria emoten deust, eta horrek eragiten dau gauzak beste ikuspuntu batetik ikustea. Holan ba, sano aberasgarria izan da esperientzia. Dakizunez, urian zein landa giroan bizi izan naz, natureagaz bat eginik eta horren ondorioz, kontzeptu eta lengoaia plastiko desbardinak erabili izan dodaz sortze-prozesuetan. Ganera, noranzko bi daukaz, urteetako esperientzietan, leku diferenteetan ezagutu izan dodazan lagunek hona etorri eta bisitea egiten deustie. Aukera ederra izaten da eurentzat hemengo barri zuzena hartzeko; sarritan, desitxuratzeak edo uste faltsuak argitzeko sakon azaldu behar deutsedaz hemengo kontuak, gure kulturea, gastronomia… Eta esan behar dot pozarren joaten dirala bueltan, batzuk baten baino gehiagotan etorri dira.
4.- Norberak zure lana ikusten dauenean, koloreetan eta baikortasunean murgiltzen da. Hori da islatu gura dozuna? Zein da zure asmoa?
Neurri baten, gizakiaren eta naturearen arteko hartu-emonen inguruan dago nire beharra. Ez da ezelan be menpekotasun erlazinoa, integrazinokoa baino; iragankorrak gara, hutsalak, naturea gure gainetik dago eta beraz, forma organiko horreek gure inguru arkitektoniko eta zibernetikora ekarten ahalegintzen naz. Lanean islatzen dodana inguruan doguzan forma organikoak eta koloreak dira, mila urtez inguruan izan doguzanak. Normala da formak ezagunak izatea, neurri baten forma horreetatik gatoz, nahiz eta ‘bizileku perfektu eta egokiak’, hormigoizko eta zementuzko bizitegiak ‘eregiten’ tematu. Ez dot esan gura basora bueltan joan behar garanik. Gure inguruaz gehiago arduratu beharko ginateke, beste barik. Kontuak kontu, nire beharragaz ahalegintzen naz gizakiaren eta naturearen arteko hartu-emonak islatzen, eta forma organikoak ostera ekarri gure inguru arkitektoniko eta teknologikora.
5.- Herrialdeetan egindako egonaldiek eta Euskal Herriko kostaldean egindako ibilbideak zure beharrari eragingo eutseen?
Biajau eta bizilekuz aldatzean kultura desbardinetara hurreratzen zara, eta momentu horretan inguruan dozun jentea neurri baten ulertzen dozu. Baina aldi berean zure kulturea beste ikuspuntu batetik ulertu eta baloretea eragiten dau. Normatzat hartzen zenduzan horreek geu garenaz jarduten dabe. Ez gara horrezaz ia konturatzen, gure egunerokoa dalako. Euskadin gure inguruagaz lotura handia daukagu, alderdi fisikoan eta emozionalean; izan be, gure mitologia ulertzen laguntzen deutsu.
6.- Norvegiako esperientzia eta gero, zer erixten deutsazu euskal eta atzerritar artisten arteko trukeari?
Egia esanda, Bilbo Arte-ri eta Rogaland Kunstsenter-i benetan eskertzen deutset emon deusten aukerea, egonaldiak asko emon deust, sano aberasgarria izan da, beste persona bat naz orain, beharrerako ideia eta ikuspegi barriak ikasi dodaz eta indarbarriturik nago aurrera egiteko. Neure ustez, Bilbao Artek, baita Errekalde Aretoak be, holako ekimenak sustatzea funtsezkoa da. Holako truke gehiago izatea oso ona izango litzateke.
7.- Eta azkenik, zein dira aurrera begira dozuzan egitasmoak?
Orain eta amaitu arte formatu ertain eta handiko lanak egiten nabil Bilbao Arten. Lotuta daukat bakarkako erakusketa bat Puerto Ricoko museo baten, egitasmo pare bat New Yorken… Nahikoa behar egia esateko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!