Transgenikoak

Amaia Laforga Dietetika Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2007-06-15 02:00   Jan edanak

Elikagaion produktoreak ez dagoz gustura, izan be, transgenikoak hazten ari diran neurrian, elikagai transgenikoek osasunean izan leikien eraginari buruzko eztabaidea be gero eta beroagoa da.

Transgenikoen ganean gero eta gauza gehiago irakurri, entzun, eta ikusten dira komunikabideetan. Normala, elikagaien industria indartzen eta zabaltzen doa transgenikoei esker. Halan da be, elikagaion produktoreak ez dagoz gustura, izan be, transgenikoak hazten ari diran neurrian, elikagai transgenikoek osasunean izan leikien eraginari buruzko eztabaidea be gero eta beroagoa da.

Baina, zer da transgenikoa? Zientziaren ikuspegitik, transgenikoak ezaugarri barriak izateko material genetiko barria txertatu jakon izakia da. Elikagai transgenikoak, beraz, genetikoki eraldatutako izakiak dira. Halan da be, gaur egun, elikagai transgenikoak barazkiakaz identifiketan dira, nahiz eta genetikoki eraldatzen diran izakien artean sarritan animaliak egon.

Elikagai transgenikoak egun errealidade bat dira, gure merkatuetan dagoz eta eztabaida gogorra sortu da elikagai transgenikoek ingurumenean eta giza-osasunean eragin leikien ondorio kaltegarrien inguruan. Eztabaidea gehienbat osasun-arazoetan kokatu da. Oraindino, inor ez da gai izan erakusteko transgenikoak osasunerako txarrak diranik. Arratoiakaz, halan da be, egin dira saio batzuk, eta Britainia Handiko ikerlari batek ziurtatu dau genetikoki eraldatutako patatek bere laborategiko xaguen erraiak izorratu dituela. Kontrako eretxiak be badira; zientzialari-talde bat azkenaldian elikagai transgenikoen onurak nabarmentzen ibili da; euren arabera, genetikoki eraldatutako elikagaiak osasunerako onak dira, elikagai gehiago dabenez eta hondakin gitxiago sortzen danez, poluzino kimikoa murrizten dalako. Egia esateko, diru gehiegi dago jokuan eta multinazionalei ez jake bape ardura txarrak diranik erakustea. Indar politiko handia dabe munduan zehar eta ikerketak geldi dagoz multinazionalen eragin eta presinoei esker.

Beste aldetik, nahiz eta ikerketak egin eta elikagai transgeniko bat osasunerako kaltegarria ez dala argi erakutsi, bioteknologia eta zientziak aurrera doaz eta edozein momentutan atara leikie transgeniko barri bat beste ezaugarri batzukaz, kaltegarria izan daitekeena. Kontua da ze lehengo merkatura zabaltzen dala produktua, eta gero hasten dirala ikerketak.

Kontuak kontu, gurea dietetika eta nutrizinoa atala danez, esan behar dot elikagai transgenikoetan ez dirala ezaugarri nutrizionalak aldatzen. Eta askoz gehiago esan geinke, izan be, teknologia genetikoa erabilten da elikagaien ezaugarri ‘txarrak’ aldatzeko; berbarako, ikerketetan arrautzaren kolesterola kendu eta beste gantz osasungarriago bat eransten jako, edo frutak fibra gehiagogaz. Beraz, teknologia bera ez da txarra, teknologia zelan erabilten dan beste kontu bat da.

AEBetako Elikagaien eta Sendagaien Alkarteak orain arte genetikoki eraldatutako 40 landare onartu ditu giza kontsumorako, baina datozen urteotan gehiago be onartuko ditue. Europan zerrendea askozaz txikiagoa da, baina handituko da apurka-apurka. Esangura horretan, elikagai transgenikoakaz fidatzen ez diranentzat elikagai horreetarako etiketa bereizi eta bereziaren aldeko lana bultzatzen ari dira adituak.

Transgenikoek nekazaritzan eragin leikiezan ondorioak:

- Barazki-espezie desbardinen arteko kutsadura genetikoa suertau daiteke. Frogatuta dago genetikoki eraldatutako barazki batek landare basatiei ‘gene arrotza’ transferiduten deutsiela eta horrek kutsadurea eta kaltea eragin leike.

- Ez dago elikagai tradizionalakaz parekatzerik. Elikagai tradizionalak, milaka urtetako aukeraketa-prozesuaren emoitzea izanik, beti ingurune naturalean garatu izan dira, eta landare mueta bakotxaren berezko geneak daukiez. Elikagai transgenikoen kasuan, barriz, arto ale batean arrain baten genea daroan ezaugarria topau geinke.

- Ez dabe plagen kontra bakarrik egiten eta batzuetan intsektu ongarrien kontra egiten dabe. Argi dago elikagai transgenikoek ekosistemea aldatzeko gaitasun handia dabela. Barazki transgeniko batek, berbarako, berau erasoten dituen intsektuak desagertarazo leikez, eta epe labure edo ertainean ekosistemearen orekea hausi.

- Multinazional estadubatuar batek sortu eban transgeniko-mueta bat ‘terminator’ izenekoa. Barazkiek sortutako haziak ‘antzuak’ dira. Hori dala eta, nekazariek ezin izango ditue uzta batetik ataratako haziak uzta barrirako aprobetxau. Horregaitik, haziak multinazionalei erosi beharko deutsiez barriro landatu ahal izateko, multinazionalakazko sekulako menpekotasuna sortuz. Zorionez, Greenpeacek zeresan handia izan eban Monsanto enpreseak terminator haziei buruzko ikerketak alde batera ixteko erabagian. Hau da, gaur egun arazo hau baztertuta dago, baina ez amaituta. Multinazionalek bere nahia inposatu ezkero, milaka urteetan zehar nekazarien jaubetza izan diran ondasunak, haziak, multinazionalen eskuetara joango dira.

Azken buruan, Greenpeace erakundearen web orrialdean, genetikoki eraldatutako produktuen ‘zerrenda gorria eta zerrenda berdea’ topauko dozue. Beraz, jaten zagozanaren ezaugarriak jakin gura badozuz, ondoko helbidera jo: www.greenpeace.org/international

Beharbada gizarte-taldeen presino horrek izango dau eragina, baina momentuz ez dirudi transgenikoen multinazionalek amore emongo dabenik. Konponbidea, halan da be, beste aldetik etor daiteke, elikagai tradizionalakaz lan egiten dabenen aldetik. Izan be, arazoa etiketea bada, ‘Ggnetikoki eraldatu bako produktua’ markea jarteak be sekulako indarra izango leuke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu