L'ivresse du pouvoir

Joseba Terreros 2007-05-25 02:00   Zinema kritikak

Film honetan gaurkotasun handiko gaia jorratzen da: norbanakoen ustelkeria morala eta itxurakeria. Film burutsua eta argia, baina, esan lez, arima eta bizitasun bakoa.

- Zuzendaria: Claude Chabrol.
- Herrialdeak: Frantzia eta Alemania.
- Iraupena: 110 minutu.
- Antzezleak: Isabelle Huppert (Jeanne Charmant-Killman), François Berléand (Humeau), Patrick Bruel (Sibaud), Robin Renucci (Philippe Charmant), Maryline Canto (Erika), Thomas Chabrol (Félix), Jean-François Balmer (Boldi), Pierre Vernier (Martino), Jacques Boudet (Descarts), Philippe Duclos (Holéo).
- Gidoia: Odile Barski eta Claude Chabrol.
- Musikea: Matthieu Chabrol.
- Argazkia: Eduardo Serra.
- Muntaia: Monique Fardoulis.
- Diseinua: Françoise Benoît-Fresco.
- Jantziak: Mic Cheminal.

Enpresa talde handi bateko presidenteari ondasunak bide barik erabili izana leporatu deutsie. Instrukzinoko epaile batek kasua argitzeko ardurea hartuko dau, eta, ikertu ahala, gero eta sekretu gehiagoren barri izan eta gero eta botere handiagoa eskuratuko dau. Bere ahalmenak gora egiten dauen neurrian, botere hori muga barik erabili ete daiteken eta gizaki batek horri aurre egin ete leikion zalantzan iminten hasiko da.

Film honen bilbea salaketa politiko-ekonomikoaren bidezidorretik abiatzen da, modu sinple eta, era berean, zorrotzean. Hala eta guztiz be, istorioak jorratzen dauen gaia guztiz jakingarria izanagaitik be, oso eskematiko agertzen jaku pertsonaiak irudikatzeko orduan eta erritmoa lar geldo eta motela da, unekada batzuetan itogarria.

Hori bai, pertsonaia guztiek egoa, handikeria, harrotasuna eta goranahia asebeteteko daben preminearen ganeko gogoetea interesgarria da; guztiak gizatasun barik agiri dira, indibidualista eta botere gosez. Ideia nagusia, azken batean, erraz be erraza da: helburuak bitartekoak justifiketan ditu. Eta inori be ez deutsie ardura bere jardunaren ondorioek, euren buruarentzat kaltegarriak izan daitekezan arren. Alde horretatik, film honetan gaurkotasun handiko gaia jorratzen da: norbanakoen ustelkeria morala eta itxurakeria. Film burutsua eta argia, baina, esan lez, arima eta bizitasun bakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu