Spider-man 3

Joseba Terreros 2007-05-11 02:00   Zinema kritikak

Peter Parkerrek lortu dau azkenean superheroiaren betebeharrak eta Mary Janerenganako maitasuna orekatzea. Baina ekatxa dator. Spidermanen mozorroa bat-batean eraldatuko da. Kontuak kontu, pelikula gogaikarria da, bizitasun bakoa, txarra eta betelan nahiz moralkeria merkeaz betetakoa. Umeak be abroziduteko modukoa.

-Zuzendaria: Sam Raimi.
-Herrialdea: AEB.
-Iraupena: 156 minutu.
-Antzezleak: Tobey Maguire (Peter Parker/Spider-Man), Kirsten Dunst (Mary Jane Watson), James Franco (Harry Osborn), Thomas Haden Church (Flint Marko/Hareazko gizona), Topher Grace (Eddie Brock/Venom), Bryce Dallas Howard (Gwen Stacy), James Cromwell (George Stacy kapitaina), Rosemary Harris (May izekoa), J.K. Simmons (J. Jonah Jameson).
-Gidoia: Sam Raimi, Ivan Raimi eta Alvin Sargent; Sam Raimi eta Ivan Raimi-ren argumentu batean oinarritua, beti be Marvel-en komikia abiapuntutzat hartuz.
-Musikea: Christopher Young.
-Argazkia: Bill Pope.
-Muntaia: Bob Murawski.
-Diseinua: Neil Spisak eta J. Michael Riva.
-Jantziak: James Acheson.


Peter Parkerrek lortu dau azkenean superheroiaren betebeharrak eta Mary Janerenganako maitasuna orekatzea. Baina ekatxa dator. Spidermanen mozorroa bat-batean eraldatuko da: jantzia baltzitu eta bere boterea indartuko da, baina Peter be ez da lehengoa izango. Lar harro eta tente agertuko da eta horrek gorabehera eta izakera arazo larriak ekarriko deutsoz.

Egia esan, honako hau Spiderman-en inguruan orain arte egin daben filmik kaxkar eta mengelena da. Bi ordu eta erdiko kontakizunean komikiaren hamar urte sartzen ahalegindu dira, eta, dana dala, pelikulearen erdia sobran dagoala emoten dau. Alkarrizketak penagarriak dira, hutsalak eta absurduak; personaiak lauak, nortasun bakoak eta, batez be, gazbakoak. Eta horreri guztiorreri filmaren erritmo motela gehitu behar jako, akzinozko eszenek lantzean behin apurtzen dabena, baina loaldi ederra egiteko gogoa kentzen ez deuskuenak.

Bestalde, efektu bereziak be ez dira hasikera batean itxaroten genduzanak baizen ikusgarriak; film honetan 358 miloe dolar gastau dabez eta, ilunpean emondako salto eta pose batzuk gorabehera, ‘saltinbanki’ baten hegaldatze ezagunak baino ez dira agertuko ikusgai. Salbuespena, beharbada, hareazko gizona irudikatzeko egin daben behar ona besterik ez da.

Kontuak kontu, pelikula gogaikarria da, bizitasun bakoa, txarra eta betelan nahiz moralkeria merkeaz betetakoa. Umeak be abroziduteko modukoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu