Edoskitze naturala (II)

Amaia Laforga Dietetikan Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2007-05-07 02:00   Jan edanak

Pasa dan artikuluan giza-esnea ezagutu genduan, bere inportantzia eta konposaketea umearen hazkuntzarako. Gaur, gai berberagaz jarraituko dogu, edoskitzaroa, nutrizino arloan, ugaztunen garai kritikoenetarikoa baita.

Pasa dan artikuluan giza-esnea ezagutu genduan, bere inportantzia eta konposaketea umearen hazkuntzarako. Gaur, gai berberagaz jarraituko dogu, edoskitzaroa, nutrizino arloan, ugaztunen garai kritikoenetarikoa baita. Etapa horretan, beste inoiz jazoko ez dan egoerea biziko dau umeak: elika-iturri bakarragazko menpekotasuna. Ia ez da posible izango gehigarrien bidez dietearen edozein bakotasun orekatzea. Ganera, jaiobarriaren hazkundea eta garapena prozesu arinak dira eta, beraz, funtsezko nutrienteen eskakizunak handiagoak eta bereziak.


Giza-esnearen osoketearen aldakortasuna

Konposizioaren ganean berba egiten dugunean, nutrizio-alderdiak jatorkuz burura, eta makronutrienteei jagokezanak batez be. Kontuan izan behar doguz, halanda be, oraindino ondo ezagutzen ez diran mikronutrienteak, baina baita Giza Esnearen propiedade inmunitarioak (infekzinoen kontra egiteko ahalmena) lehenengoak beste garrantzitsuak dirala be. Kontuan izan behar da amaren esnearen osoketea oso aldakorra dala eta arraza eta kontinentearen arabera baldintza bereko amen artean be desbardintasunak dagozala. Ama baten kasuan be, desberdina da edoskitzea, eguneko momentu edo titialdi bereko momentuaren arabera.

Amaren egoera nutritiboaren eragina oso mugatua da esne-bolumenean eta konposizinoan. Oso txarto nutridutako amak, akaso, esne barik gera daitekez baina amak hartzen dauen energia kopuruak be ez dau zerikusirik esnearen konposizinoan (gantz azidoen patroian ezik). Amaren dietearen kalidadeak be oso zerikusi mugatua dauka esnearen konposizinoan.

Bularreko umearen nutrizio-preminen inguruan, kontuan izan behar dogun lehenengo gauzea da lurraldearen arabera preminak desbardinak izaten dirala. Esne-kantidade zehatz bat gitxi dala uste badogu, leitekena da eskualde horretako umearentzako nahikoa izatea. Osasunaren Munduko Erakundeak umearen pisuaren araberako kilokaloria tarte bat zehazten dau adin bakotxerako. Teorian, amaren esneagaz elikatutako umeek ez dabe energia premina hori beteten, baina gero erakutsi danez, energia premina hori gehiegizkoa da (batez be 3 eta 6 hilebete bitarteko tartean) eta argi geratu da edoskitze natural hutsa 4-6 hilebetera arte nahikoa dala.

Kontuak kontu, amaren esnegaz elikatutako umeen pisu-irabazia, 4 hilebetera arte esne artifizialagaz elikatuta dagozanenaren parekoa edo handiagoa dala ikusten da. Lau eta sei hilebete bitarteko epean, pisuaren irabazi-abiadurearen kurbeak behera egiten dau eta seigarrenetik aurrera txikiagotu egiten da Edoskitze Naturala hartzen dabenen pisu-irabazia. Aitatutakoa ikusita, lehenengo 6 hilebeteetarako amaren esnea nutrizio-iturri egokia dala esan geinke.


Edoskitze naturalerako preparazinoa

Gehienetan, amak ez dau ezer egin behar bere bularrak preparetako. Bularraren tamainua ez da edoskitze naturalerako traba izaten. Zil antzeko titiburuak edota leunak erditze aurretik zaindu behar dira eta tutua da tratamendu eraginkorrena. Tutua, titiburu eta areolearen ganean apliketan da erditu baino 8 astebete aurretik edo lehenago. Holan, areolan modu uniformean egiten dan presino leun eta jarraiaren bidez titiburua erdiko zulotik ataratea lortzen da.

Ama eta bularreko ume gehienek ez dabe baldintza berezirik behar edoskitze naturalagaz bete-betean hasteko. Xurgapena eta irensketea umetokian dagozanean hasten dabe eta jaiobarriek badakie zelan egiten dan. Biak dagoz koordinauta jaiotze-momentuan. Une berean ikus daiteke musturkatze-erreflexu aktiboa be.

Xurgapen-ekintzan, titiburua eta areolea umearen ahora sartzen dira eta tutu luze baten moduko egitura bihurtzen dira. Bularreko umearen ezpan eta hortzoiek zigilua eratzen dabe titiari eusteko eta, bide batez, xurgapenaren presino negatiboari laguntzen deutse. Mihinagaz, bestalde, mobimentu peristaltikoak egiten ditu, hau da, uhinkatuz eta lauskituz likidoa esne-hodietatik hartzen dau.

Jaio eta zilbor-hestea lotu ondoren, amaren sabelaren ganean, umeak amaren bularra topauko dau. Jaio eta laster jarri behar da umea bularrean, ahal bada lehenengo 30 minutuetan. Holan, jaiobarriak kaloria eta infekzinoen kontrako defensan aberatsa dan oritza hartzeaz gan, bere presentzia hutsagaz, prolaktinearen jarioa gehitzen dauen estimuloa sortu eta esnea errazago igoten laguntzen dau.

Lehenengo egunetako eradoskitze-maiztasuna amaren aukeren eta umearen egoerearen menpe dago. Edoskitze naturala erreguletako modurik onena malgutasuna da, beti be umearen preminak eta elikatzeko dauen gogoa kontuan hartuz. Hasiera-hasieratik baztertu egin behar dira ordutegi zehatzak. Lehenengo asteetan eta harik eta esne-kantidade egokia euki arte, 10 minutuz jarriko da umea bular bakotxean. Holan, ordu gitxiro, alde bietarako estimulua lortzen da, baina gai honegaz be ez da oso zehatza izan behar. Ume batzuek bular bat hutsitzeko 5 minutu baino ez ditue behar, eta beste batzuek barriz, 20 minutu edo gehiago.

Biberoiak ondorio negatiboak sortarazoten deutsoz bai amari eta bai umeari. Azkenerako, amaren eta semearen edota alabearen arteko hartu-emonak be aldatzen dira. Bularreko esneagaz elikatutako umeak ez dau ostean urik edota glukosarik behar. Gehigarri horreek bularrekoaren jangura gitxitzea besterik ez dabe lortzen. Ura hartzen daben jaiobarriek besteek baino pisu gehiago galtzen dabe eta astiroago hartzen dabe galdutakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu