New Yorkeko euskal etxeak web orria barritu dau
2007-05-02 02:00 Euskaldunak munduanAmeriketako Estadu Batuetako (AEB) euskaldunen, Euskal Herriaren eta AEBen ganeko albisteen barri izateko New Yorkeko euskal etxeko web orria ezinbestekoa izaten zan. Orain dala gitxi web orria goitik behera barritu eta euskal etxeko jarduerek hartzen dabe orrialdearen zati nagusia.
Ameriketako Estadu Batuetako (AEB) euskaldunen, Euskal Herriaren eta AEBen ganeko albisteen barri izateko New Yorkeko euskal etxeko web orria ezinbestekoa izaten zan. Orain dala gitxi web orria goitik behera barritu eta euskal etxeko jarduerek hartzen dabe orrialdearen zati nagusia.
Diseinu erakargarria egin dabe eta guztiz erraza da bertan ibiltea. Batetik, euskal etxean egiten dabenaren barri emoten dabe. Berbarako, Aberri Egunean New Yorken antolatutako jardueren ganeko informazinoa topau daiteke horretarako sortutako atalean. Aurrera begira zer egiteko amesagaz dabilzan be iragarten da web orrialdean. Bestetik, euskal etxearen historiak atal berezia hartzen dau, Gloria Totorikaguenak idatzia. Eta, azkenik, euskal etxea non dagoan eta bertara zelan joan adierazoten dauen atala dago.
Luis Foncillas kazetariak eukan lehen webgunearen ardurea eta, orain, bloga sortu dau. ‘Blog write your mind’ atalean sartu ezkero, bisitariek idazteko aukerea dabe, baita ‘Guestbook’ dalakoan be. Arkazkiei txoko berezia egin deutse eta bertan ikus daitekez New Yorken eta euskal etxean egindako ekitaldien argazkiak.
Orson Wellsen Euskal Herria
Atal guztien artean, deigarria eta nabarmena da bideoei eskainitakoa. Youtube dalakoaren bitartez bideoak ikusteko aukerea dago. Ikusgai dagozanen artean deigarrienetakoa Orson Wells Euskal Herrian egon zanean egin eban dokumentalaren zati bat da. Ikustea benetan merezidu dau. Bertan jasoten da berak esandakoa: ‘hemengoak ez dira ez frantsesak, ez espainiarrak. Euskaldunak dira’. Bideoa zuri-baltzean eginda dago eta mugako kontuak azaltzen ditu, herri bakarraren muga artifizala. Ziburun eginiko alkarrizketa bat be agiri da, andra bati egindakoa, hainbat herritan bizi izan eta gero berton bizitea erabagi ebana.
Bideoen atalean besterik be badago, esaterako Gipuzkoa, Araba eta Bikaiko irudiak batzen dituana, Ruper Ordorikaren kantu bategaz egindakoa, independentziaren aldarrikapenagaz lotutakoa…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!