Perfect stranger

Joseba Terreros 2007-04-23 02:00   Zinema kritikak

Thriller psikologiko honek berenberegi jorratzen dau Internetek informazinoa eskuratu eta hartu-emonak lantzeko ekarri dauen bide barriari buruzko gaia. Hasikereak itxura ona dauka, baina, aurrera egin ahala, erritmoa moteltzen da.

- Zuzendaria: James Foley.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 109 minutu.
- Antzezleak: Halle Berry (Nowena Price), Bruce Willis (Harrison Hill), Giovanni Ribisi (Miles Haley), Gary Dourdan (Cameron), Richard Portnow (Narron), Florencia Lozano (Tejada tenientea), Nicki Aycox (Grace), Kathleen Chalfant (Elizabeth Clayton), Gordon MacDonald (Sachs senadorea), Daniella van Graas (Josie).
- Gidoia: Todd Komarnicki; Jon Bokenkamp-en argumentu batean oinarrituta.
- Musikea: Antonio Pinto.
- Argazkia: Anastas Michos.
- Muntaia: Christopher Tellefsen.
- Diseinua: Bill Groom.
- Jantziak: Renee Ehrlich Kalfus.

Nowena Prince kazetariak lagun baten hilketa misteriotsua bere kabuz ikertzeko erabagia hartu dau. Interneten datuak arakatzen dabilela, susmagarri nagusietako bat topauko dau: Harrison Hill aberatsa. Miles Haley informatikari eta hacker-aren laguntzinoz, Nowenak justiziak egin ez dauena egin gura izango dau, sareak emoten deutson anonimotasuna erabiliz.

Thriller psikologiko honek berenberegi jorratzen dau Internetek informazinoa eskuratu eta hartu-emonak lantzeko ekarri dauen bide barriari buruzko gaia. Eta hori guztiori erakutsi eta ontzeko, hilketa batean nahastautako aberats bat eta kazetari ausart baizen ardurabako bat agertuko jakuz. Filmaren tarte guztiei laguntzen deutsen elementu teknologikoa egokiro atontzeko egindako behar ona albo batera itxita, istorioaren kontakizunak gorabehera handiak daukaz, batez be amaieran.

Hasikereak itxura ona dauka, baina, aurrera egin ahala, erritmoa moteltzen da eta, ganera, marapiloak behartuegi askatzen dira, sinisgatx. Gidoia tarte batzuetan lar handiustea da filmean opesten deuskuenaren aldean. Antzezleen lana, bestalde, nahiko ona da, batez be Bruce Willis ezagunarena. Baina, esan legez, pelikuleak mesfindatzea sortu eragingo deutsue, arian-arian sinisgarritasuna galtzen doalako, amaiera okerrago batera heldu arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu