Edoskitze naturala (I)
2007-04-20 02:00 Jan edanakUgaztun-espezie guztiek esne berezia eta primerakoa produziduten dabe euren kumeak hazteko. Arrazoi asko dagoz edoskitze naturala beste edozein elikabide baino hobea dala esateko.
Ugaztun-espezie guztiek esne berezia eta primerakoa produziduten dabe euren kumeak hazteko. Arrazoi asko dagoz edoskitze naturala beste edozein elikabide baino hobea dala esateko. Edoskitzea nutrienteak emon eta funtzino moduan ugaltze zikloaren betete fisiologikoa da: alde batetik amaren eta umearen arteko loturea estutzen laguntzen dauen bitartean, bestetik lehen hilebeteetako bularrekoaren nutrizino-preminei aurre egiteko oso era berezian egokituta dago. Uterotik kanpoko bizitzarako moldapen inmunologikoan sakon laguntzen dau, ganera.
Nutrizino-teknologiak giza esnea ikertu dauenean erakutsi dau amaren esnea jaiobarri eta bularrekoarentzako elikadura ordezkaezina dala, jagoken bakarra eta 5-6 hilebetera arte nutrizino-premia guztiak beteten dituana. Beharrezko makronutriente eta mikronutrienteak emoteaz gan, bularreko entzimak, epidermi-hazkundearen modulatzaileak, infekzinoaren kontrako babesak eta profilaxi antialergikoak osotzeko elementuez horniduten gaitue. Bidenabar, ama-sentimentuak pizten ditu eta haurdunaldi aurreko giro fisiologikoa berreskuratzeko egoera hormonala sortzen da, hau da, obulazinoa eragin eta berehala emonkor bihurtzeari trabea egin (ezaugarri hau oso garrantzitsua da ze herrialde pobreetan umea izan barri daben emakumeak arinegi dakarre hurrengo umea).
Edoskitze naturalak elikadura artifizialaren arrisku asko ebitetan ditu eta, herrialde pobreetan, baita infekzinoa eta nutrizino bakotasuna be. Gaixotasunei edota arazo alergikoei aurre egiten laguntzen dau, baita obesidadeari eta noizean behineko traba metabolikoei be, horreek danak herrialde aberatsetan.
Biokimikari, entzimologo, antropologo, psikiatra, pediatra, nutrizionista eta hainbat eta hainbat profesional bat datoz amaren esnea eta edoskitze naturalaren alde egikeran.
Giza esnearen konposizinoa
Giza esneak, litroko 70 kilokaloria makronutriente ditu, hau da, behi-esnearen antzera. Karbohidrato ugari ditu, laktosea batez be. Garuna hazteko energia preminea da horren arrazoi nagusia.
Bularreko umearen hazkundeari oso ondo jatorkoz proteinak. Holan, giltzurrunei eta gibelari lan larregi eraten deutsen hondakin gitxiago daukiez. Ikertutako esneen artean, giza esneak dauka proteina-kontzentrazino txikiena. Horregaitik, oso garrantzitsua da amaren esneko proteinen alergenidade bakotasuna.
Lipidoek protaglandina, bitamina lipo-disolbagarri, esterol eta fosfolipidoen aitzindari diran gantz-azidoz horniduten dabe organismoa. Azpimarratzekoa da amaren esnearen gantz-azido insaturatuen kontzentrazino handia, azido oleiko eta linoleikoarena batez be (gantz-azido aseena oso urria da). Azken aldian, garrantzia handia hartu dabe kate luzeko gantz azido poliinsaturatuek. Antza danez, ezinbestekoak dira azal-sistemearen egituran, nerbio sistema nagusiko fosfolipidoetan.
Giza esneak mineralen oso kontzentrazino urria dauka (kaltzioa eta fosforoa, berbarako), baina mekanismo askoren bidez bere xurgapena egokia da eta nahikoa dira eskeletoa mineralizetako. Burdina be gitxi dago, baina dagoanaren % 50-70 hartzen da laktoferrinearen eraginez, beste edozein konposatutan % 30etik pasetan ez dan bitartean. Bitaminei jagokenez, ama ondo nutriduta dagoanean, amaren esneaz elikatutako bularreko umea bitamina barik geratzea oso gatxa da.
Baina aitatutako nutrientez gan, beste molekula batzuk be nabarmendu behar dira: hazkunde moderatzaileak izenekoak. Hormonen antzeko substantziak dira eta, esnean, oso frakzino txikitan agertzen jakuz. Antza danez, sano garrantzitsuak dira hazkundean arazoakaz dabilzan umeentzat. Zer esanik ez, esne artifizialek ez ditue mikroosogarri horreek.
Baina, giza esnearen nutrizino-arloko osogarri batzuk produzidu daitekezan arren (eta, esan dogunez, industria urrun dago oraindik konposizino zehatzera heltzeko), gaur egun ezinezkoa da infekzinoen aurrean erakusten dauen babes-gaitasuna produzidutea. Giza esnearen faktore inmunologikoa oso garrantzitsua da (bere espezieko infekzinoen kontra egiteko) eta beste espezieetako esneek edo hortik lortutako produktuek ez daukie faktore hori. Barruko organismo batzuen kontrako antigorputzak, inmunoglobulinak, lisozimak eta makrofagoak dira aitagarrienak.
Amaren esnean topau geinkezan substantzien artean nutrizino arloan ea organismoaren defentsan eraginik ez daben beste batzuk dagoz. Berbarako, amaren hormona batzuk isur daitekez esnearen bidez, baina bere kontzentrazinoa ez da inoiz bularra hartzen dauenarentzako arriskutsua izango, fisiologikoak diran bitartean, behintzat. Badagoz fisiologikoak ez diran eta amaren esnean isurtzen diran beste substantzia batzuk, alkohola eta medikamentu asko, berbarako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!