Atlas de geografía humana
2007-04-18 02:00 Zinema kritikakFilm honetako lau protagonistak alkarren osogarriak dira, bide desbardinak erabilita be, guztiek maitasunagaz eta bikote hartu-emonakaz zerikusia dauen bizimodu aldaketa bati egin behar deutselako aurre.
- Zuzendaria: Azucena Rodríguez.
- Herrialdea: Espainia.
- Irapena: 106 minutu.
- Antzezleak: Cuca Escribano (Ana), Montse Germán (Rosa), María Bouzas (Marisa), Rosa Vila (Fran), David Selvas (Javier Álvarez), Nacho Fresneda (Nacho Huertas), Boris Ruiz (Forito), Alberto Jiménez (Martín), Xavi Mira (Ignacio), Oriol Genís (Ramón).
-Gidoia: Nicolás Saad eta Azucena Rodríguez, Almudena Grandesen laguntzaz; Almudena Grandesen izenburu bereko nobelan oinarrituta.
- Musikea: Luis Mendo eta Bernardo Fuster.
- Argazkia: Xavier Gil.
- Muntaia: Nacho Ruiz Capillas.
- Zuzendaritza artistikoa: Ana Alvargonzález.
- Jantziak: Patricia Moné.
Argitaletxe talde bateko lau beharginek (Fran, Rosa, Ana eta Marisa) faszikulutan salduko dan geografia atlas bat egin beharko dabe hainbat hilabetetan. Epe horretan gorabeherak izango dira euren artean, talde lanak eta bakotxaren bizimoduak eraginda; azkenean, euren bizitzak bideratu beharko dabez laurek, nork bere modura eta bere egoerearen arabera.
Film honetako lau protagonistak alkarren osogarriak dira, bide desbardinak erabilita be, guztiek maitasunagaz eta bikote hartu-emonakaz zerikusia dauen bizimodu aldaketa bati egin behar deutselako aurre. Abiapuntua, beraz, mamitsua da, interesgarria, antzeko errealidadea interpretetako lau prisma eskaintzen deuskuz eta. Horri, era beratan, Almudena Grandes idazlearen nobela arrakastatsu batetik ataratako testu on batek laguntzen deutso, jatorrizko istorioari nahiko zintzo lotzen jakona. Liburua irakurri dozuenok, beharbada, sakontasun edo ñabardura faltea igarriko dozue, baina, egia esan, lau protagonisten kontakizunak buztartzeko lana txukun-txukuna da.
Bestalde, pelikulea, beharbada, lar neurritsu, apal eta xumea begitanduko jatzue; batzuetan, ganera, erritmoa galtzen dau, protagonisten nekearen erakusgarri edo; dana dala, zinema burutsu batez gozetako aukerea emoten dau eta hori, ikusitakoak ikusita, ez da hain gitxi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!