300

Joseba Terreros 2007-04-13 02:00   Zinema kritikak

Filmaren alderdi teknikoak ikusgarriak dira, batez be burruketan erabilitako koreografiak, baina komikietatik ataratako estatika hori hiperbolikoegi agiri da: heriotzak neurriz kanpokoak dira, armadak sinistuezinak eta politika auziak ezin gatxagoak.

- Zuzendaria: Zack Snyder.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 117 minutu.
- Antzezleak: Gerard Butler (Leonidas erregea), Lena Headey (Gorgo erregina), David Wenham (Dilios), Dominic West (Theron), Vincent Regan (kapitaina), Michael Fassbender (Stelios), Tom Wisdom (Astinos), Andrew Pleavin (Daxos), Andrew Tiernan (Ephialtes), Rodrigo Santoro (Xerxes), Giovanni Antonio Cimmino (Pleistarchos).
- Gidoia: Zack Snyder, Kurt Johnstad eta Michael B. Gordon; Frank Miller eta Lynn Varley-ren nobela grafikoan oinarritua.
- Musikea: Tyler Bates.
- Argazkia: Larry Fong.
- Muntaia: William Hoy.
- Diseinua: James Bissell.
- Jantziak: Michael Wilkinson.

Termopilako burrukearen barri emoten deuskue film honetan, Frank Milleren nobela grafiko epikoa oinarri hartuta. Leonidas erregeak eta 300 espartarrek hil arte egin eutsien aurre Xerxes enperadoreari eta haren armada persiarrari. Arerio gaindiezinei aurre egiteko erakutsi eben adore eta kemenak Greziako herritarrak inspirau eta guztiak bat egin eben, aurkari pertsiarrari arpegi emon eta demokraziaren oinarriak sortzeko.

Oraindino ez dot lar ondo ulertzen, baina, esanak esan, film hau dirurik gehien batu dauen produkzinoa izan da gurean nahiz AEBetan. Kontakizunari itzelezko hoztasuna dario eta pertsonaiek ez dabe aparteko sakontasunik, ez eta garapenik be. Gidoia be filmaren mailakoa dala esan daiteke, azal-azalekoa. Nire eretxiz, amaieran izan ezik, istorioak ez dauka ikus-entzuleak beraren sarean harrapetako behar adinako erakargarritasunik.

Hori bai, filmaren alderdi teknikoak ikusgarriak dira, batez be burruketan erabilitako koreografiak, baina komikietatik ataratako estatika hori hiperbolikoegi agiri da: heriotzak neurriz kanpokoak dira, armadak sinistuezinak eta politika auziak ezin gatxagoak. Beharbada, horrexegaitik jadetsi dau inork itxaroten ez eban arrakastea, primarioa eta sinplea dalako eta heroitasunik kokoloenean oinarrituriko guztiz istorio erraza dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu