La confiance règne

Joseba Terreros 2007-04-10 02:00   Zinema kritikak

Honako film hau komedia freskagarri modura saldu gura izan deuskue, baina, egia esan, ez dau barrerik bape eragiten, ez dauka txinpartik. Ez dakigu zer azaldu gura izan deuskuen, beharbada argumentuak bape bururik eta hankarik ez daukalako

- Zuzendaria: Étienne Chatiliez.
- Herrialdea: Frantzia.
- Iraupena: 98 minutu.
- Antzezleak: Cécile de France (Chrystèle Burrel), Vincent Lindon (Christophe Gérard), Eric Berger (Ludo), Anne Brochet (Perrine Beverel), Martine Chevallier (Françoise Terion), Jacques Boudet (Philippe Terion), Pierre Vernier (Jacques Terion), Jean-Marc Roulot (Henri Beverel), Erick Desmarestz (Jean), Evelyne Didi (Burrel andrea), André Wilms (Burrel jauna).
- Gidoia: Laurent Chouchan; Étienne Chatiliez-en argumentuan oinarrituta.
- Musikea: Matthew Herbert.
- Argazkia: Philippe Welt.
- Muntaia: Catherine Renault.
- Diseinua: Stéphane Makedonsky.
- Jantziak: Elisabeth Tavernier.

Bizitzeak ez eutsen ezer agindu eta eurek ez deutsie ezer eskatu. Hori dala eta, Chrystèle Burrel eta Christophe Gérard lasaitasun eta alaitasun desiragarri batek gidatuta ibilten dira, leku batetik bestera, noraezean. Alkar ezagutu baino lehen, ez eukien konfiantzarik inorengan, eta ez ekien zer zan beste persona batek erakartea. Horregaitik, alkar ezagutu ostean, ez dabe ezelan be banandu gura.

Honako film hau komedia freskagarri modura saldu gura izan deuskue, baina, egia esan, ez dau barrerik bape eragiten, ez dauka txinpartik. Ez dakigu zer azaldu gura izan deuskuen, beharbada argumentuak bape bururik eta hankarik ez daukalako; gidoiak, ganera, ez deutso ezertan be laguntzen, guztiz mengela da eta filma baizen absurdoa. Ez dauka sakontasunik, ez ironiarik, ez eta fintasunik be, eta ez da ezeren parodia be.

Bestalde, antzezpen lanak txarrak izan ez arren, bikote protagonistearen artean ez dago kimikarik, ez lotura sinisgarririk. Hori bai, ikusgai dagozan pelikulen artean honako hau baino trentinbako, ganorabako eta gazbakoagorik topetea gatx-gatxa izango jatzue. La confiance règne ikusteko erabagia hartu ezkero, konfiantza itsua baino zer edo zer gehiago beharko dozue, benetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu