Nork ordainduko dau zerga digitala?

Gotzon Plaza Informatikoa 2007-03-27 02:00

Hasiera batean zehaztutako epea marti honetako 27an izan da baina atzeratu egingo da. Zeren epea? Egun horretarako, zerga digitalak (‘kanona’) finkatuta egon behar eban baina, akordiorik ez dagoanez, atzeratu egin dabe eguna.

Hasiera batean zehaztutako epea marti honetako 27an izan da baina atzeratu egingo da. Zeren epea? Egun horretarako, zerga digitalak (‘kanona’) finkatuta egon behar eban baina, akordiorik ez dagoanez, atzeratu egin dabe eguna.

Hor dabiz alde biak, batak besteari muturrekoak emoten. Alde batetik, egileen eskubideak kudeau eta bermatzen dabezan erakundeak (ezagunena SGAE da) eta, beste aldean, industriako kideak. Akordiorik lortu ez dabenez, orain Estaduko Gobernuaren eskuetan geratu da erabagia.

Legearen arabera, ezarri beharreko kanona edo zerga (autoreei kopia pribadua egiteagaitik emoten jaken dirua) alde bien arteko akordioaren ostean erabagiko da. Baina, jakina, ikuspuntuak kontra-kontrakoak izan dira.

Gobernu mailan be, taldeak ez datoz bat: Kultura Saila eta Industria Saila dira hemengo lehiakideak, bakotxak berari jagokozan interesak defendiduten. Arazoak danori eragiten deusku ze erosten doguzan CD, DVD, MP3, ordenagailu edota eskuko telefonoetako memoria txartelen edota argazki kamera digitalen prezioan eragina izango dau. Autorearen eskubideak bai, baina industriaren interesak be babestu behar dirala esaten deuskue Gobernutik.

AETIC teknologia alkarteak dinoanez, kontsumitzaileek 2.000 miloe euro pagauko doguz autoreen alkarteak eskatzen dauen kanona ezarri ezkero, orain arte baino %80 gehiago. Alkartearen esanetan, kanon digitala beste garai batzuetatik jatorkun ondorioa baino ez da (garai analogikoetatik) eta, arazoa konpontzeko, aro teknologikoak urtenbide teknologikoa emon behar deutso. Hau da, edozein ekipori holako kanona itsu-itsuan imini baino, honako hau egin daiteke: kopia gitxiago egiteko neurria ezarri, DRM sistemea, berbarako. Holan, autorearen eskubideak bermatuta egongo litzatekez eta, era berean, kontsumitzaileak ez dau zergaitik ordaindu behar erabilten ez dauen zerbitzu bat (ez badau kopiarik egingo, zergaitik ordaindu behar dau zergea?).

Bestalde, egileen eskubideak gestionetan dabezan erakundeen esanetan, AETICek gauzak korapilatu eta aldrebestu egiten ditu. Euren esanetan, pasa dan urtean, 525 eta 375 miloe ordu kopiau ziran bai CD eta bai DVDetan eta hori guzti hori autoreentzako ezelako diru-sarrerarik barik.

Arazoa Europa mailan be badago. Herrialde bakotxak lege propioak daukaz ez dago ezelako akordiorik Europa mailan.

1961ko Jaubego Intelektualaren ganeko Nazinoarteko Akordioan kopia pribaduak egiteko eskubideak ezarri ziran. Gero, 1965. urtean, Alemanian agertu zan, lehenengoz, ‘kopia pribadua egiteagaitik baharrezkoa dan konpentsazinoaren eskubidea’. Gaur arte, herrialde gehienek, zelan edo holan, arazoa arautu dabe baina ezelako batasun barik. Orain, ganera, hainbat herrialdetan, grabazinoak egiteko aparatuen prezioan be kanona dago sartuta

Ordaindukeran, herrialde bakotxak tarifa propioak daukaz: batzutan, tarifa zehatz bat ordaindu behar da, beti bera; beste batzutan, prezioaren arabera ordainduko da.

Europa mailan arlo honetan dagoan aniztasunari aurre egiteko, Europako Batasunak gomendio bat argitaratu eban: DRM sistemen alde egitea; holan, kanona ez litzateke izango produktuaren % 5 baino gehiago. Baina pasa dan abenduan, gomendio hori blokeauta geratu zan, Frantziak eskatuta (Europako Komisinoaren presidentea be tartean egoan).

Galderatxu bat: noiz kobrauko deuskue arkatza edo boligrafoa erabilteagaitik?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu