Aurtengo Zinegoakek 50 jarduera baino gehiago atondu ditu
2026-06-10 13:35 ZinemeaKomunidadea eta munstroaren figurea erresistentzia kolektiborako gunetzat aldarrikatzeko.
Zinegoakek 23. edizinoaren programazino ofiziala eta nobedade nagusiak aurkeztu ditu gaur. Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia bagilaren 22tik 29ra egingo da. Aurten be, kultura eta aniztasun sexuala, identidadea eta generoagaz lotutako berrogeita hamar jarduera baino gehiago egingo dira Bilbon. Proiekzinoak, barriketaldiak, eztabaidak, antzezlanak, kontzertuak, jardunaldi profesionalak, masterclasseak eta jaiak batzen ditu egitarauak.
Bilboko kultur gune nagusietan izango dira, besteak beste, Golem Alhondiga, Azkuna Zentroa, Bilborock, Arriaga Antzokia, Guggenheim Museoa, BBK Aretoa, Pabellón 6, FAS Zinekluba, Bira Kultur Gunea, Sarean eta La Sinsorga. Beraz, Bizkaiko uriburuak hamar egun baino gehiago biziko ditu aldarrikapen, aniztasun, kultura eta zinemaz ganezka.
Gaur Azkuna Zentroan egindako aurkezpenean, Zinegoakeko zuzendariak, Alaitz Arenzana, 23. edizinoaren barrikuntza nagusiak azaldu ditu: bitxitasunean eta munstroaren irudian oinarrituko gara, arautik kanpora doan guztiaren metafora lez. Horregaitik, aurtengo leloa Piztu piztia da, jaialdia gure alderik libre eta basatiena esnatzeko indar eta desio gune bihurtzeko gonbidapena izatea nahi dogu. Alderik basatiena sarritan zapaltzen da da eta arrotz, gogaikarri eta deseroso lez aurkezten da. Aurtengo kartela, Jules Mamonek egina, idea horren isla da.
Kontuak kontu, Sail Ofizialak berrogei film baino gehiago izango ditu, film luzeen eta laburren artean.
Film luzeen Sail Ofizialean hamabost film lehiatuko dira ohiko hiru kategoriatan: FIK, DOK eta KRAK. Guztiak hamabost herrialdetatik datoz, Iran, Hego Korea, Herbehereak, Suedia, Eslovenia, Ipar Mazedonia, Mexiko eta Alemania, besteak beste.
Horreetako bost estaduko estreinaldiak dira: Niñxs, Bearcave, How to live, The Dads, The Passion According to G.H.B.
Arenzanak azpimarratu dauenez, Sail Ofizialeko film luze gehienak opera primak dira eta beraz, erakusketa zirkuituetan sartzeko zaltasun gehiago izaten dituen sortzaile barriei lekua edegitearen aldeko jarrerea da.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
