Karl Schuke órgano historikoaren inguruan eregitako lau kontzertu Bilbon

Bizkaie! 2026-06-11 08:03   Musikea

Vocalia, Musikene, Iñaki Bermúdez eta Bilboko Koral Alkartea izango dira protagonista.

Leixuri Arrizabalaga eta Iñigo Iturrate. | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskalduna Bilbaok Auditoriumeko Karl Schuke organoa bere kultur programazinoaren protagonista egingo dau aurten be Organo Kontzertuak zikloaren beste edizino bategaz. 2026an bueltauko da produkzino propioko ziklo hau, bikaintasun artistikoa, bertako talentua, musika-ondarea eta barrikuntzea buztartuko dituen formatu handiko lau proposamen tartean diralarik.

Biltzar eta Musika Jauregiaren ezaugarri garrantzitsuenetakoa dan Karl Schuke organoa aparteko tresnea da: 71 erregistro, 5.390 hodi, 2.000 konbinazino baino gehiago eta hainbat formatu eszenikotara egokitzeko aukerea emoten deutson konsola mobikor berezia ditu. Ziklo honen bidez, Euskalduna Bilbaok musika-ondare hori publiko barriei hurbiltzeko eta bere soinu aberastasuna ohiko testuinguruetatik harago erakusteko konpromisoa berresten dau.

2026ko edizinoa iraila eta abendua bitartean egingo diran lau kontzerturen inguruan egituratuko da. Saio bakotxak organoaren alderdi desbardin bat jorratuko dau: giza ahotsagaz dauen loturea, talentu barrien prestakuntzea taula gainera eroan, tradizinoaren eta abangoardiaren arteko konexinoa eta tresna honek eskaintzen dituan aukera tekniko aurreratuenak erakutsiz.

Arima Sakra - Emakumeen Ahotsak eta Eleiz-Musikea

Zikloa irailaren 20an hasiko da Emakumeak Oholtzan kontzertuagaz. Proposamenaren protagonistak Loreto Aramendi euskal organista ospetsua eta Vocalia Taldea izango dira, Basilio Astúlezen zuzendaritzapean.

Arima Sakra izenburupean, kontzertuak organoaren indarra eta emakumeen ahotsen fintasuna eta sakontasuna buztartuko ditu, Félix Mendelssohn-Bartholdyren eta Kim André Arnesen konpositore norvegiarraren obren bidez.

Etorkizuneako Talentua: Musikene eta Belaunaldi barriak

Bigarren kontzertua zemendiaren 22an izango da, Etorkizuneko Talentua izeneko proposamenagaz. Kontzertua Euskalduna Bilbaok eta Musikenek, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak, talentu barria sustatzeko eta musikari gazteak maila goreneko eszenatokietara hurbiltzeko daben lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da.

Musikeneko organo-ikasleek Max Reger konpositorearen obra zorrotzenetako batzuk joteko erronkeari helduko deutse.

Iñaki Bermudez: Garaien arteko Solasaldia

Abenduaren 2an Garaien Arteko Solasaldia kontzertuaren txandea izango da. Proposamen hau Juan Crisóstomo Arriagaren jaiotzearen bigarren mendeurrenaren ospakizunen barruan atondutako omenaldia da.

Iñaki Bermúdez saxofonistea, Cor Cererols abesbatzak eta Joan Seguí organisteak musika zaharraren eta sorkuntza garaikidearen arteko zubiak eregiko dituan bidaia artistikoa eskainiko dabe. Programearen ardatza dolua izango da, eta Arriaga, Bach, Cererols, Goicoechea eta Miquel de Jorgeren obrak batuko ditu.

Bizkaia Kantuan: Zikloko Klasiko Garaikidea

Zikloa abenduaren 23an amaituko da Bizkaia Kantuan ekimenagaz. Euskalduna Bilbaoko organo-programazinoaren barruan dagoeneko erreferentziazko hitzordu bihurtu dan kontzertu honek Bilboko Koral Alkartea batuko dau oholtza gainean, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, eta Carlos Fernández Bollo eta Ana Belén García organistakaz batera.

Oraingo honetan, kontzertuak erronka artistiko eta tekniko berezia izango dau: Karl Schuke organoaren konsola biak aldi berean erabiltea. Aukera horri esker, musikari biek instrumentuaren 5.390 tutuak batera aktibau ahal izango ditue, Louis Vierneren Messe solennelle Op. 16 obra monumentala interpretetako.



Kontuak kontu, Organo Kontzertuak zikloari esker, Euskalduna Bilbaok euskal musika panoramako instrumenturik berezienetako bat balioan jarten jarraitzen dau. Eta zikloak Jauregiaren produkzino propioaren aldeko jarrerea, lurraldeko kultur eragileakaz lankidetzea eta tradizinoa, barrikuntzea eta bikaintasun artistikoa buztartzen dituen esperientzia musikal bereziak sortzeko nahia indartzen ditu.

Kontzertuetarako sarrerak laster egongo dira eskuragarri Euskalduna Bilbaoren webgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu