Eztia versus azukerea

Amaia Laforga Dietetika Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2007-03-27 02:00   Jan edanak

Orain berrehun urte edari eta janariak gozotuteko erabilten zan gozogarri bakarra eztia zan. Gaur egun erabilerak asko aldatu dira, jatekoen gozogarri eta botika legez erabilten dogu-eta eztia.

Orain berrehun urte edari eta janariak gozotuteko erabilten zan gozogarri bakarra eztia zan. Gaur egun erabilerak asko aldatu dira, jatekoen gozogarri eta botika legez erabilten dogu-eta eztia.

Nutrizioaren ikuspuntutik, eztiak azukera zuriak baino energia-kantidade txikiagoa eskaintzen dau pisu bardinean ur gehiago dauelako. Baina normalean hartzen dogun kantidadeagaz, desbardintasun hori ez da hain inportantea eguneroko kaloriak kontuan hartuta. Eztiaren ur-kantidadea osogai guztien % 20 azpitik izan ohi da, eta kalidadez egokiena % 17-18 ura dauena izango litzateke. Karbohidratoak dira eztia osotzen daben funtsezko osogai bakarrak, proteina gitxi batzuk besterik ez ditualako. Karbohidratoak batez be glukosea eta fruktosea dira (% 82), sakarosa apur bategaz. Gatz mineral eta bitaminak be ugari ditu: burdina, magnesioa, kaltzioa, potasioa, C bitamina eta B taldeko bitamina guztiak, B12 kenduta.

Azukerea kanabera eta erremolatxatik lortzen da eta merkatuan zabalduen dagoan bariedadea azukera zuria da. Nutrizinoaren aldetik azukerea sakarosea baino ez da, % 99 hain zuzen be, eta ez dau beste ezelako nutrienterik; horregatik esan ohi da bere ekarpena ‘kaloria hutsetara’ mugatzen dala. Zehatz esateko gramoko 4 kaloriakoa da bere ekarpena, hau da, olioarenagaz konparauta, erdia baino gitxiago (9 kaloria gramoko).

Azukerea eta eztia desbardinak dira nutrizinoaren ikuspegitik. Kontsumiduten dogun azukera zuria energia bilakatzeko, beharrezkoak izaten dira beste janari batzuetatik eratorritako bitaminak. Eztiagaz, barriz, eztiak berak ditu bere karbohidratoetatik energia produziduteko beharrezko diran bitaminak, holan ez dau bitamina-eskea handitzen. Ganera, eztiak ez dau azukereak bezela txantxarra sortzeko eragin hain handirik.

Azken buruan, eztiak ez ditu hesteak sikatuten, eta labaingarri gisa jokatzen dau.


Azukeradun elikagai kontsumoaren alde positiboak eta negatiboak

Azukeradun jatekoak kontrolik barik kontsumidu ezkero, kaloria asko eta nutriente gitxi hartuko doguz; horrenbestez, elikadurea ez litzateke zuzena izango. Gainera, osasun nahasketen garapena errazten dau, gehiegizko pisua, hipertriglizeridemia edo haginetako txantxarrak, esate baterako (sakarosea edulkoratzailerik kariogenikoena da). Azukera kontsumoaren eta diabetesaren sorreraren arteko loturearen arteko froga argirik ez dagoan arren, frogatuta dago obesidadeak, azukerea kontrolik barik kontsumidutearen ondorioetako bat, intsulineari jasanezintasunaren garapena areagotu egiten dauela.

Alde positiboak be badagoz; frogatuta dago azukeradun elikagai kontsumoaren ondoren organismoak endorfinak askatzen dituala. Gorputzaren eta buruaren laxapen eta ongizate maila altuakaz lotuta dagoz endorfina hormonak.


Ezti muetak

Jatorrizko lorearen arabera ezti-mueta asko dagoz. Bata bestearen arteko aldea glukosa- eta fruktosa-kopuruetan datza. Hona hemen horreetako batzuen ezaugarri eta propiedadeak:

- Erromero-eztia: estres eta neke handia dagoan kasuetan, bizigarria da eta gibelaren funtzionamenduan laguntzen dau.
- Eukalipto-eztia: eztula edo arnas aparatuko gaixotasunen aurka oso eraginkorra da.
- Txilar-eztia: gernu-bideetan eragin antiinflamatorio eta desinfektagarria dauka.
- Izpiliku-eztia: antiseptiko, espektorante eta lasaigarria da. Bronkitis, katarro eta eztul-kasuetan gomendatzen da.
- Pinu eta izei-eztia: iluna da eta arnas aparatuko gaixotasunak dituenei gomendatzen jake.
- Ezkai-eztia: digestinoa errazten dau, hori dala eta egokia da gastroenteritis-kasuetan.
- Laranjondo-lorezko eztia: berbeak dakarren legez, laranjondo-loreez produziduten da. Oso gusto fina eta efektu lasaigarriak ditu.


Antibiotiko bezela eztiaren propiedadeak

Ez dago zalantzarik eztia onuragarria dala. Onura hori, jakina, eztiaren osogai kimikoek eragiten dabe. Alde batetik, azukera-kontzentrazino altua dauka, eta horrek bakterioen hazkuntza mantsotu egiten dau. Bestetik, likido dentsoa da, eta, beraz, isolatzaile-moduan jokatzen dau. Horregaitik, ahotik konstumiduteaz gan, eztia zuzenean zaurietan jarrita be erabil daiteke infekzinoetan. Ospitale batzuetan erabili ohi da erredurak osatzeko tratamentuetan.

Zientzialariek ez dakie eztiaren substantzietatik zeinek egiten dauen bakterioen kontra. Ezti batzuk diluituz gero, hidrogeno peroxidoa sortzen da, eta konposatu horrek bakterioak hiltzen ditu. Baina, mikrobiologoen arabera, hori ez da eztiak bakterioak hilteko dauen ohiko modua. Botika tradizionaletako biokimikearen prozesu asko falta dira oraindik ikasteko.

Azkenik esan, azukerea eta azukeradun elikagaiak hartzea, beti be, kasu bakotxaren kantidadeak zainduz, guztiz osasungarria dala, gainera eguneroko azukera zuria barik eztia hartzen badogu, gure gorputzari mesede handia egingo deutsagu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu