Oihane Perea nagusi Aramaioko finalerdian

Jokin Labayen Bizkaie K Bizkaierara Moldatua 2007-03-26 02:00   Bertsolaritzea

Oihane Perea gasteiztarra izan zan atzo, Aramaioko Kultur Etxean jokatutako Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdiko irabazlea. Ofizioko lanean erregulartasunez eta fin ibili zan, eta kartzelakoan, egindako lana biribildu eban. Pereaz gan, Otamendi eta Juaristi ziran hautagai nagusiak eta ez eben hutsik egin.

Oihane Perea gasteiztarra izan zan atzo, Aramaioko Kultur Etxean jokatutako Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdiko irabazlea. Ofizioko lanean erregulartasunez eta fin ibili zan, eta kartzelakoan, egindako lana biribildu eban. Pereaz gan, Otamendi eta Juaristi ziran hautagai nagusiak eta ez eben hutsik egin.

Lierni Altuna gai-emoileak, lan arloan kokatu zituan Perea eta Otamendi zortziko nagusian. Alkarregaz lanean ibili ondoren, lantokia Zaragozara aldatuko ebela-eta, Pereari bertara joateko aukerea eskaini eutsen, Otamendi ostera, lanik barik geldituko zan. ‘Zaragozara ba omen zoaz ta ematen didazu pena/zu ez al zinan Euskal Herria altxatu behar zuena?’ galdetu eutson Otamendik eta Pereak zalantzaz erantzun eutson ‘arrazoi duzu ta ez dakit hartu edo ez destino urruna/ bi gauzak behar ditudalako lana ta duintasuna’. Zortziko nagusian entzun ahal izan eben bertaratutako 100 entzuleek, arratsaldeko alkarrizketarik onenetako bat. Juaristi aita, Vietnameko gerran izandakoa eta Lopez semea izan ziran ofizioan, Irakerako deitu barri ebena. ‘Ez dut joan nahi irabaztea ezinezko den gerrara’ autortu eutson semeak aitari eta aitak kontua zelan zan azaldu eutson Azoreetako argazkiaren harira ‘gerrarik ez zen sekula egingo eurak joango balira’.

Juaristi eta Gonzalez de Duranarena izan zan zortziko txikiko ariketarik biziena. Bertso biribilak bota ez arren, alaitasunez abestu eta txaloen beroa lortu eben. Bertso saioan egozan bi bertsolari ziran, argia joan zan, eta Juaristik Gonzalez de Duranaren eskua sentidu eban izterrean. ‘Nire eskua sentituz berotu al zara?’ izan zan Gonzalez de Duranaren bigarren bertsoaren amaierea, eta Juaristik zorrotz erantzun eutson ‘bertso lagunak gara baina hori bakarrik’. Azken bertsoan, berak plazerra sentidu ebala esanaz amaitu eban ofizioa Rikardok.

Hamarreko txikian be, bertso onak bota zituen Juaristik eta Otamendik. Otamendi DBHko irakasleak amodiozko gutun bat jasoten eban egunero. Juaristi ikusi eban atzo bere liburuan gutun bat sartzen. Literaturan saiatu arren, berea matematikako klasea zala bota eutson Otamendik. ‘Matematikan zera neurriaren jabe/ eta nik maite zaitut neurririkan gabe’ izan zan Juaristi nerabeak kantau ebana, eta Otamendik holan esan eutson ‘zure problema horrek soluzioik ez dauka’.

Kartzelara heldu eta gai zabal bati mamia atera behar izan eutsen bertsolariek. Egunkarian irakurritako barriak pentsarazotakoa azaldu eben. Pereak emakumeen aurkako indarkeriari buruz kantau eban, hurrengoa berak izan nahi ez ebala, hain zuzen. Gonzalez de Duranak eta Arriolabengoak Abiadura Handiko Trena izan eben berbagai, eta herritarrei eragindako kalteak nabarmendu zituen.

Epaileen erabagiak saioko puntuazinoa eta finalean nortzuk parte hartuko daben argitu eban. Apirilaren 21ean, Gasteizko Jesus Guridi Aretoan sei bertsolari izango dira txapelaren bila, Oihane Perea, Asier Otamendi, Juan Mari Juaristi, Zigor Enbeita, Iñaki Viñaspre eta Manex Agirre.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu