The painted veil
2007-03-22 01:00 Zinema kritikakBilgarri ederrez jantzitako arima bako istorioa azaltzen jaku. Itxura klasikoko melodrama bat saldu gura izan deuskue, baina The painted veil nortasun eta sendotasun bako filma da; ondo eginda egonagaitik be, ez gara haregaz luzaroan gomutatuko.
- Zuzendaria: John Curran.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 125 minutu.
- Antzezleak: Naomi Watts (Kitty Fane), Edward Norton (Walter Fane), Liev Schreiber (Charlie Townsend), Toby Jones (Waddington), Diana Rigg (ama nagusia).
- Gidoia: Ron Nyswaner; W. Somerset Maugham-en nobelan oinarrituta.
- Musikea: Alexandre Desplat.
- Argazkia: Stuart Dryburgh.
- Muntaia: Alexandre de Franceschi.
- Diseinua: Tu Juhua.
- Jantziak: Ruth Myers.
Hogeiko hamarkadan bizi izan zan bikote ingeles baten maitasun istorioa da honako hau. Walter, maila ertaineko medikua, eta Kitty, maila altuko gaztea, okerreko arrazoiak bultzatuta, Shanghaira ezkonduko dira. Uri exotiko horretan, Kitty beste gizon bategaz maiteminduko da. Emaztearen desleialtasunaz konturatuta, Walterrek Txinako urrutiko herri batean behar egiteko proposamena onartuko dau, mendekua hartu guran; lurraldea izurrite hilgarri batek jota dago. Gura ez badau be, Kittyk behartuta ikusiko dau bere burua senarra laguntzen. Euren bizitzei zentzua emongo deutsen bidaiari ekingo deutsie biek, lekutara, baina, era berean, munduko lekurik ederrenetako batera joanda.
Filmaren hasikerea zuzena da; izan be, zuzendariak, egokiro antolaturiko flashback batzuen bitartez, ondo be ondo konpontzen dau pertsonaiak aurkezteko eta euren arteko urruntasuna irudikatzeko lana. Dana dala, pelikuleak aurrera egin ahala, erritmoa apaltzen doa, makaltzen. Hori bai, argumentua xumea da, samurra, eta, ganera, istorioa girotzeko zeregina eta paisajeak ederrak, benetan.
Guztiagaz be, bikoteak zoritxarrak gainditzeko prozesua sano hotz eta indarge agiri da, aparteko sentimentu eta bihozkada barik; ganera, behar baino gehiago luzatu dabe, unekada batzuetan ikusleak abroziduteraino luzatu be. Halanda ze, bilgarri ederrez jantzitako arima bako istorioa azaltzen jaku. Itxura klasikoko melodrama bat saldu gura izan deuskue, baina The painted veil nortasun eta sendotasun bako filma da; ondo eginda egonagaitik be, ez gara haregaz luzaroan gomutatuko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!