Mahats zuriaren eta baltzaren arteko desbardintasun genetikoak topau ditue

Imanol Sarasola 2007-03-16 01:00   Jan edanak

Aurkikuntzeari esker, mahats bariedade barriak lortu ahal izango dira eta, beraz, ardao barriak. Ganera, kolore gehiago edo gitxiagoko ardaoak lor daitekez eta, gura izan ezkero, beste kolore batzutakoak be bai.

Ardaoaren ezagutzearen inguruan eginiko azterketa batean, CSIROko (Commonwealth Scientific and Industrial Research Organisation) zientzilari australiar batzuek mahats zurien eta baltzen arteko desbardintasun genetikoak eta berauen mekanismoak topau ditue. Aurkikuntzeari esker, mahats bariedade barriak lortu ahal izango dira eta, beraz, ardao barriak.

Bariedade guztiak jatorriz mahats baltzetik eratorritakoak izan arren, egipziar hilobietan agertzen dira ardao zuriaren arrastoak. Bartzelonako Unibersidadeak eginiko ikerketa baten arabera, egipziarrek be ardo zuria egiten eben. Tutankamonen hilobian egozan hiru anforak aztertu ostean atara eben ondorio hori. Anfora horreetan hiru ardao mueta topau zituen: bata zuria, bestea baltza eta, hirugarrena, ardao gozo bat.

Ikerketearen arabera, ardao zuria uste zana baino lehenagokoa da. Orain arte egozan froga bakarrak K. ondoren 200. urtekoak ziran. Froga horreetan, ardao zuria zelan egiten zan azaltzen da.

Gaur egungo mahats bariedade guztien jatorrian mahats baltzak dagozala gauza jakina da. Halanda be, ezezaguna da zerk eragin eban mahats baltza zuri bihurtzea, hau da, mahatsek kolorea aldatu eta zuri bihurtzea.

Antza danez, bariedade zuriak antozianineak (kolore gorria emoten dauen pigmento antioxidatzaileak) sortarazotako genea kontroletan dauen mutazinoetatik datoz. Halanda be, beste bigarren gene bat dago koloreagaz erlazionetan dana eta mutazino bikotxa behar da bariedadea ardao zuria izateko. Mahatsaren historian, nonoiz, gene horreetan bi mutazino oso arraro eta independiente izan ei ziran eta, ondorioz, bariedade zuri bakar bat sortu zan. Horixe da, hain zuzen, gaur egungo 3000 ardao zuri bariedadeen jatorria.

Amaitzeko esan, ikerlariek gaur egun markadore genetikoak egiteko gaitasuna dabela eta, horregaz, mahats hazi batek mahats zuria edo baltza emongo dauen jakin daiteke landarea erne aurretik eta frutua ikusi barik. Teknika hori oso erabilgarria da bariedade barriak sortzeko hazien aukeraketea egiterakoan. Ganera, kolore gehiago edo gitxiagoko ardaoak lor daitekez eta, gura izan ezkero, beste kolore batzutakoak be bai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu