Venus
2007-03-14 01:00 Zinema kritikakVenus komedia dramatiko bat da, baina erdikinean lotzen da, ez aurrera, ez atzera. Pelikula honetan alkar sekula ulertuko ez dabela emoten daben personen arteko hartu-emonen gaia jorratzen da; horri umorea, gizarte desbardintasunak eta sentsualidade ukutu interesgarria gehitu behar jakoz.
- Zuzendaria: Roger Michell.
- Herrialdea: Erresuma Batua.
- Iraupena: 96 minutu.
- Antzezleak: Peter O'Toole (Maurice), Leslie Phillips (Ian), Vanessa Redgrave (Valerie), Richard Griffiths (Donald), Jodie Whitaker (Jessie).
- Gidoia: Hanif Kureishi.
- Musikea: David Arnold eta Corinne Bailey Rae.
- Argazkia: Haris Zambarloukos.
- Muntaia: Nicolas Gaster.
- Diseinua: John Paul Kelly.
- Jantziak: Natalie Ward.
Maurice eta Ian, aspaldiko lagunak, aktoreak dira, baina erdi erretirauta dagoz. Ianen birbiloba, Jessi, agertzean, Maurice arduratuko da uria erakusteaz eta orduantxe, bizitzea amaitu aginean daukanean, konturatuko da bere burua oso gitxi ezagutzen dauena.
Venus komedia dramatiko bat da, baina erdikinean lotzen da, ez aurrera, ez atzera. Pelikula honetan alkar sekula ulertuko ez dabela emoten daben personen arteko hartu-emonen gaia jorratzen da; horri umorea, gizarte desbardintasunak eta sentsualidade ukutu interesgarria gehitu behar jakoz. Egia esan, egoera komikoak egokiro moldatuta dagoz; ganera, ez dira ostentzen personen arteko hurrentasuna bultzatzen daben ezaugarri zekenak eta berekoiak, ez eta atzeko motibazino ilunak be.
Hainbat aurreretxi moral eta sexual agiri dira; tentsinoa, bada, handiagotzen da disimulu barik, baina, horri guztiorri urtenbide ausarta emon behar jakonean, bide errazetik jo eta zuzentzat hartzen dan kaminoari ekingo deutso; horra hor film honen akats nagusia.
Antzezleen jarduna on-ona da; Peter O'Toole-ren beharra interesgarri eta bizia da, gatzduna, hatan be. Haregaz batera, Leslie Phillips, Richard Griffiths eta, batez be, Vanessa Regdrave azpimarratu behar doguz; azken honegaz protagonisteak daukazan pare bat sekuentzia guztiz hunkigarriak dira, denporearen joan-etorria eta horren ondorioak ederto irudikatzeko gauza izan diralako.
Filma malenkonia eta umorea buztartzen dituan istorioa baino gehiago da, baina, zoritxarrez, ez da lar sartzen sentimentu ilun eta lizunen bidezidor estu eta korapilatsuan; azken horretxek galbidera eroaten dau. Azkenean, hain konbentzional jokatzea pena bat da, benetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!