Argentinako Laurak Bat euskal etxeak 130 urte bete ditu

Iratxe Ormatza 2007-03-13 01:00   Euskaldunak munduan

Sasoi hareetan, asko ziran Euskal Herritik Argentinara joaten ziranak behar bila, bizimodua hobetzeko. Eta, holan, hainbat batu ziran suaren inguruan, gogoaren inguruan. Hori guztia eta iraun izana ospatu behar dala-ta, bazkideek jai berezia antolatu dabe.

Urtea bete ez daben etxeak badagoz, bai; baina, ehun urteren bueltan dagozanak ez dira gitxi. Personok batzen gaituanaren inguruan alkartzeko gogoa handia da. Hemen, Euskal Herrian kanpotik etorri izan diranak batzeko daukien joerea egunero ikusten dogu. Beharrizana da. Eta kanpoan, bardin. Euskal Etxeen kasuan, gogoak gizaldi oso batean iraun dau, eta badirau.

Buenos Aireseko ‘Laurak bat’ euskal etxeak ehun eta hogeta hamar urte bete ditu gaur, martiak 13. Beraz, mila zortzirehun eta hirurogeta hamazazpiko martiaren hamahiruan zabaldu eben aitatutako euskal etxea. Eta Gonzalo Azuak idatzitakoaren arabera, hamahiru gizonek sortu eben. Sasoi hareetan, asko ziran Euskal Herritik Argentinara joaten ziranak behar bila, bizimodua hobetzeko. Eta, holan, hainbat batu ziran suaren inguruan, gogoaren inguruan. Hori guztia eta iraun izana ospatu behar dala-ta, bazkideek jai berezia antolatu dabe.

Buenos Aireseko Belgrano kalean dago Laurak Bat eta eraikinean egin dabezanen lanak bistauko dabez ospakizunetan. Baina, jakina, ospakizuna bete-betea izateko jana eta edana egon behar da, eta, holan ba, afaria egingo dabe ehun eta hogeta hamar urte bete dabezala ospatzeko. Aurretik, dana dala, mezea be egingo dabe: erlijinoaren indarra euskal etxeetan nabarmena da.

Urteurrenaren haritik, Laurak Bat euskal etxeko arduradunek euskera eskolen eskaintzeari bultzadea emon gura izan deutse eta, holan, euskal etxeko bazkideak euskerea ikasteko animau eta adoretu. Batetik, euskereagaz batera euskal kulturea be irakasten dabe. Eta, bestetik, euskerazko eskolak mailatan dagoz zatituta, batetik bostera, ikasleen euskerea hobetzeko.


Mexikon be, ospakizunak

Mexikoko DFko euskal etxeak ehun urte bete ditu eta ospakizunetan dabilz zezeiletik, baina martian izango dira ekitaldirik garrantzitsuenak. Mexikon bizi ziran euskal herritarrak batu eta euskal etxea sortu ebenetik hamar hamarkada bete diranez, barriro be euskal herritarrak hara joango dira ospakizunetan parte hartzeko. Oraingoan, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren bisiteaz gan, Donostiako Txistularien Udal Banda hara joan eta bertan joko dabe. Piter Ansorena buru dala, martiaren 14an, 16an eta 18an joko dau Donostiako bandeak. Mexikoko Kontserbatorio Nazionalean kontzertua emongo dabe eta bertan lagun izango dabe Euskal Etxeko Abesbatzea eta Colegio de las Vizcainas-ekoa. Euskal Herritik Jon Maia eta Kukai jantza-taldea be joango dira, ospakizunetan parte hartzeko, Txistularien bandeagaz batera. Hamaseian afaria egingo dabe eta, ostean, jaia, eurek euskal etxeko kartelean esan daben legez: ‘Gran Patxanga Musical Vasca’. Eta, azkenik, hamazortzian Mexikoko uriburuan landatutako Gernikako Arboleari omen egin eta kalejirea egingo dabe txistulariakaz euskal etxeraino.

Amaia Garritz Ruizek ‘vascosmexico’ erakundeak daukan webguneko DFko euskal etxearen historiaren barri emon dau. Bertan, Garritzek nabarmendu dau Euskal Herritik mexikora joandakoen artean, batzeko ohiturea euskal etxearena baino askoz zaharragoa dala. Garritzek adierazo dauenez, XVII. mendean Arantzazu Andra Mariaren Kofradia sortu eben hemendik joandako hainbatek. Helburua zan kideei laguntasuna emotea eta, berenberegi txiroei, alargunei eta ume zurtzei, egungo gizarte-laguntzinoaren antzekoa. XVIII. mendean, barriz, San Ignazio kolegioa sortu eben, Colegio de las Vizcainas izenez ezaguna. Sasoi hareetan, andra eta neskei irakurten eta idazten irakastea ez zan gizartearen helburua baina monja ikastetxe batzuetan irakasten eben, andrek ikasi beharreko beste lanakaz batera. Garritzek nabarmendu dau, era berean, Mexikon Euskal Herriagaz egon dan loturea estua izan dala. Berbarako, Euskal Herriko Adiskideen Alkarteak Mexikon, Euskal Herrian baino bazkide gehiago izan ebazan XIX. mendean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu