Berakatz-zopea
2007-03-12 01:00 Jan edanakKaixo irakurleok, oraindino neguan egon arren, egun sargoritsuak be izan doguz baina duda barik, jateko kontuetan oraindino gorputza berotzen jarraitu behar dogu. Beraz, errezeta erraza aurkeztuko deutsuet, arin-arin egitekoa, merkea, gozoa eta nutritiboa, berakatz zopea, hain zuzen be.
Berakatz-zopea
Osogaiak (lau lagunentzat):
- Sei berakatz-atal.
- Ogia: 100 gramo.
- Lau arrautza.
- Piper txorizero bi.
- Oliba-orioa.
- Saltsa-hondo zuria: litro bi.
- Kipulea: 50 gramo.
Zelan egin:
Jarri lurrezko kazola batean berotzen su txikian oliba-orio hotza eta berakatzak xerra fin-finetan ebagita. Berakatzak gorritzen hasten diranean (erre barik), gehitu ogi-xerra sikuak, fin-fin ebagita; gero gehitu piper txorizeroen mamina, sueztitu dana, eta gehitu saltsa-hondo zuriagaz estaldu arte arte; emon irakinaldi arin bat. Egin thermomix-ean arrautz bat ur irakinetan azal eta guzti 70 ºC-tan, 14 minutuz, eta gero, eten egosketea ur hotzagaz. Ondoren, hornidu berakatz-zopea arrautzeagaz. Jarri zopea puntuan gatzari eta loditasun edo sendotasunari jagokenez eta mahairatu ontzi batean, gainean jarri arrautza perfektua maldon gatzagaz eta txiki-txiki egindako kipuleagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!