Ardaoa gora, ardaoa behera
2007-02-28 01:00 Jan edanakEspainiako 15 eta 65 urte bitarteko personen artean osasun-arazo gehien sortarazoten dauen substantzia alkohola da, tabakoagaz batera.
Azken asteotan Alkoholaren Legea izan da berbagai eta nire eretxiz, ardaoa ez da arazoa. Ardoaren kontsumo moderatua dieta mediterraneoan gomendatzen da (beste elikagai batzuekaz batera, berbarako lekaleak, fruta, oliba-orioa... Dieta mediterraneoan osogai asko dagoz eta ezin da bat ere baztertu). Edozelan be, onartu behar da substantzia onuragarriak ez eze, kaltegarriak be badaukazala alkoholak eta gaur egun ardaoa eta garagardoa dira gazteen artean, gauaren errege. Gaiaren harian, Medikuen Erakunde Kolegialak eta beste 69 erakunde gehiagok legearen garapena eskatzeko manifestua sinatu dabe. Espainiako 15 eta 65 urte bitarteko personen artean osasun-arazo gehien sortarazoten dauen substantzia alkohola da, tabakoagaz batera, Drogei buruzko Plan Nazional espainolaren (1999-2000) datuen arabera.
Ardaoaren propiedade onuragarriak
Zientzialari batzuek ardaoak sistema kardiobaskularrari egiten deutson mesedea azido azetilsalizilikoaren eraginez dala uste dabe. Ardaoak, aspirineak bezela, azido hori dauka (11-21 miligramo litroko) eta azido horren degradazinotik lortzen diran beste substantzia onuragarri batzuk be bai. Litro-erdi bat ardaok sistema kardiobaskularrari osasuntsu eusteko egunean hartu beharreko aspirineak beste azido azetilsaliziliko dauka.
Ardaoak bihotzekoak eragiten dituan arteriosklerosi-prozesua gerarazo egingo leuke ardaoak polifenol izeneko molekulak ditualako.
Dana dala, ikertzaile batzuek dinoenez, alkohola gibelean azetato bihurtzen da eta aldi berean nikotinamida-adenina dinukleotiko (NAD) erreduzitua sintetizetan da eta azken horrek polifenolen zeregin antioxidatzaileari lagunduko leuskio. Gauzak holan dirala, alkoholak HDL edo kolesterol ‘ona’-ren kontzentrazinoa igoarazo egingo leuke.
Bestetik, ardaoak bihotzean gatx iskemikoa izateko arriskua murrizten dau alkohola jatorduetan eta gorago adierazotako neurrian hartzen bada.
Hori guztia kontuan hartuta, elikagaietan adituek mesedegarritzat joten dabe gizonezkoek egunean bi baso ardao eta emakumeak egunean baso bat ardao edatea; jakina, alkoholagaz arazoak ez dabezanentzako eta medikamenturik hartzen ez dabenentzako gomendioa da hori.
Ardao gorriaren eta ardao zuriaren propiedadeak desbardinak dira aitatutako ardaoak egiteko prozesua be desbardina dalako. Ardao gorria egiten danean, mahats-aleak ontzian beratzen azal, hazi eta guzti eukiten dira, baina ardao zuria egiten danean, zati solidoak hasieran bertan kentzen jakoz. Baina mahatsaren polifenolak azalean eta pipitetan dagoz eta luze beratzen danean lortzen dira polifenol-kontzentrazino handiak. Ardao zuriak, beraz, polifenol-kontzentrazino txikiagokoak dira.
Ardaoaren propiedade kaltegarriak
Alkoholdun edarien lehengaia fruta edo zituren bat izan ohi da. Saccharomyces muetako legamiak karbohidratoen hartzidurea eragiten dau eta, ondorioz, etanola edo alkohol etilikoa sortzen da; baina kantidadea aldakorra izaten da batetik bestera. Sagardaoa dogu alkohol portzentaje txikiena dauen edaria (% 2-4), ondoren garagardaoa dago, % 3-6 bitartean, eta, azkenik, ardaoa, % 9-12gaz. Hartziduratik gehienez % 16-17 gr. etanol lortu ohi da, eta, beraz, alkohol portzentaje handiagoko edariak (40-60 gr. etanol/100 ml.) distilazino prozesutik lortu ohi dira.
Gibelak alkohol hutsa degradetako dauen gaitasuna mugatua da: 7,5 gramo orduko. Metabolizau bitartean, alkohola odolean doa eta bere eragin diuretikoaren erruz, organismoa kutsatu egiten dau. Baso bat garagardaok (17,5 cl.), basoerdi bat ardaok (6 cl.) edo anis muetako aperitibo baten herenak (4 cl.) daukan alkohola degradetako organismoak ordubete behar dau. Urdaila zenbateraino beteta dagoan eta janariaren gantz kopuruaren arabera diluitzen da alkohola odolean. Hau da, alkoholdun edaria baraurik hartzea edo tripea ondo beteta daukagula, ondorioak ez dira bardin igarriko. Edariaren alkohol-gradua zenbat eta altuagoa izan, orduan eta azkarrago pasetan da odolera.
Beste alde batetik, hipertriglizeridemiko izateko joera genetikoa agertzen daben personetan triglizerido-tasa altu-altuak atzemon daitekez baita alkohol gitxi hartuta ere. Alkoholik hartu barik bizpahiru aste pasau ostean, barriz, triglizeridoak normaldu egingo dira barriro.
Beste alde batetik, ikerketa batek frogatu du egunean litro bat ardo edateak % 5 gehitzen duela bularreko minbizia izateko arriskua emakumeetan. Baina gizonezkoak be ez dagoz arriskutik salbu: alkoholaren abusuak nabarmen gehitzen dau gibeleko minbizia (% 32), hestegorrikoa (% 41) eta aho eta eztarrikoa (% 33) izateko arriskua.
Kontuak kontu, alkohola neurriz hartu arren, hipertentsino arteriala, hipertriglizeridemia, gibeleko gaixotasunak, pankreatitisak, gastritisak, minbizi orofaringeoa, hestegorri eta urdaileko minbizia eta, beste maila batean, trafikoko eta antzeko istripuak izateko arriskua areagotu egiten dau. Horrezaz gan, nerabezaroan, hazkuntzan aroan dagozala kontuan hartuz, burmuinaren garapenean eragin kaltegarriak sortarazoten ditu. Nerabeak alkoholiko bihurtzeko arrisku handiagoa dago, psikologikoki heldubakoak diralako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!