Euskal jeismoa: erraz konpontzeko gatxa (I)

Xabier Kintana Euskaltzain Osoa Bizkaie K Bizkaierara Moldatua 2007-02-20 01:00   Euskerea berbagai

Euskerazko jeismoak, nire ustez, erdal jatorri garbia dauka, hau da, inguruko erderen berezitasun fonetikoengaitik kutsatzen ari jaku.

Euskerearen ofizialtasunari esker doguzan irakaskuntza eta ahozko euskal hedabideek, hau da, irrati-telebistek, lan bikaina egiten dihardue gure hizkuntzearen normalizazinoan. Ez da gitxi, egia esan, horreei esker azken hogeita zazpi urteotan lortu doguna. Oraintsura arte, erdal irakaskuntza esklusiboa bertoko jente euskalduna bere hizkuntzan analfabeto mantentzen luzaro ahalegindu zalako, normalean nork bere inguruko euskerea besterik ez ekian, eta urruneko euskaldunen berbak ez zituan ulertzen. Ondorioz, mutur bateko eta besteko euskaldunak alkartzen ziranean, zoritxarrez, sarritan erosoago egiten jaken alkarren artean erderaz mintzatzea batak bestearen euskerea dezifretan ahalegintzea baino. Irakaskuntzea eta ahozko hedabideei esker, ostera, pausoka, Euskal Herri osoan zehar zabaltzen ari dira leku bateko eta besteko berba eta esamoldeak, eta horrek, euskera bera aberasteaz ganera, euskaldunon arteko komunikazinoa neurri handiz erraztu dau.

Izan be, eskolaz batera, ahozko hedabideek aparteko garrantzia dabe hizkuntza guztietan eredu batu eta estandarra finkatzeko orduan. Espainia-Frantzietakoei begiratzea besterik ez dago, orain arte gure kalterako izan badira be. Guztiok dakigunez, gure auzo-herri horreetan be badira mintzatzeko era dialektalak, baina irrati-telebistetako aurkezle eta hizlariei, jaio diran lekuko hizkera berezia gora behera, ahoskera landua eskatzen jake, eta Estadu osorako programa serioetan bederen, ez jako inongo espainol esatariri berbak andaluz ebakeraz esaten ixten, ez eta iparraldekoei jendarme-frantses traketsaz mintzatzen be.

Geurera itzuliz, gure irrati-telebistetako esatari gehienak, derradan ororen aurrean, profesional onak doguz: nork bere herriko usadio partikularren ganetik, berenberegi euskal berbak osorik eta argiro esaten ditue, laburdura eta fonetismo ilunik barik. Lexikoa be aberats eta polito darabile, premina bako erdarakadarik barik, eta sintaxiari ez deutse berenberegi eraso txarrik egiten. Halanda be, banaka batzuek bederen, ofizioan sartu barrienek edo, beren ebakera hobetu beharko leukiela uste dot, ahozko komunikazinoaren profesionalak diran aldetik, gure hizkuntzearen estandarizazinoan erantzukizun handia dabe eta. Hor dira, berbarako, s eta z, ts eta tz ondo bereiztea, g-gaz idazten diran nazinoarteko berbak (energia, biologia, geologoa, genetika...) j espainolaz barik, euskal g-az esatea, j-a, barriz, mendebalde eta iparraldean legez ahoskatzea etab. Baina bada horreek baino arazo larriagoa, jeismoa, berbarako, hemen ikutu gura dodana, hain zuzen.

Berez jeismoa honetan datza: l palatal edo bustia, euskeraz ll (llabur, Mallabia, Ollargan...) eta il + bokal (oilaskoa, mutila, langilea...) idazten dana, i edo j moduan ebagitea da: jabur, maiabia, oiargan, oiaskoa, mutija, langijea, hau da, hitz horreek erderaz y-az idatzirik balegoz legez esatea. Eta fenomeno hau, oraintsura arte gure artean ia-ia ezezaguna, gero eta hedatuagoa da.

Euskerazko jeismoak, nire ustez, erdal jatorri garbia dauka, hau da, inguruko erderen berezitasun fonetikoengaitik kutsatzen ari jaku. Izan be, frantsesak honezkero XIX. mendean galdu eban l palatalaren soinua bataille, guerrille edo paille moduko berbatan, eta hor jeismoa sartu. Espainiaren hegoaldean, ganera, jeismoa fenomeno oso zaharra da, eta horren jatorria XVI-XVII mendeetan topau daiteke. Halanda be, joan dan mendera arte, penintsulearen iparraldean behintzat, askok esaten eben caballo, cebolla eta pollo berbak l palatalaz, baina belaunaldi barrien artean inkesta egin ezkero, berehala kontura gaitekez gaur egun ia gazte guztiek berba horreek cabayo, ceboya eta poyo moduan ebagiten dituela. Txarrena, ganera, hauxe da: espainolez l palatalak berbak alkarrengaitik bereizteko ez dau praktikan ezertarako balio (pollo eta poyo lako salbuespenezko bikote anekdotikoren bat salbu), eta horregaitik jente arruntak ez dau belarriz inolako diferentziarik atzemoten ll eta y artean. Hortaz, ezin saia daiteke imitetan belarriz desbardin jasoten ez dauen fonema berezi hori.

Jeismoa, euskeraz bi bidetatik heldu jaku. Alde batetik, gogoan izan behar dogu gaurko euskaldun guztiok elebidunak garala. Horrek hauxe esan gura dau: frantses edo espainol sistema fonologikoa be geureganatua dogula eta, modu inkonzientean, geure hizkuntzeari be apliketan deutsagula, jeismoa barne. Beste aldetik, jakina, euskerearen ofizialtasunagaz gure eskola eta euskaltegietan eta, oro har, gure gizarte osoan, gero eta euskaldun barri gehiago doguz, eta, ondorioz, estadistikei jagokenez, gure biztanle gehienen jatorrizko mintzairea erderea da. Horreek, beraz, beren txikitako sistema fonologikoan euskal munduari jeismoa dakartsie. Ez da harritzekoa, hortaz, gure artean jeismoa gero eta gehiago zabaltzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu