Magdalena Mignaburuk eta Miren Arozarenak Argentinako euskal dantzak aztertuko dabez

Iratxe Ormatza 2007-02-20 01:00   Euskaldunak munduan

Euskal komunidadea, euskal etxeen jarduerea eta historia aztertuko dabez, euskal jantzak abiapuntu harturik. Azterketea liburu bihurtu arte, bide luzea egin beharko dabe.

Jartodua egin, ostean kantau eta musean jokatzeko batu izan dira hemendik joandakoak euskal etxeetan, baita euskal etxerik egon ez danean be. Halanda be, bestelako jarduerak, kirolagaz lotutakoak (pelota partiduak berbarako) eta kultura transmisinoagaz lotutakoak (berbarako, jantzak) be inportanteak izan dira euskal komunidadeetan eta euskal kosmobisinoari eusteko orduan.

Magdalena Mignaburuk eta Miren Arozenak Argentinako euskal komunidadeetan euskal jantzek izan daben garrantzia aztertuko dabe. Arloa, baina, ez da izango bakarrik euskal jantzak. Azken batean, jantzak testuinguru baten barruan jorratzen dira: euskal komunidadeen bizimoduaren barruan. Eta, holan ba, euskal komunidadea, euskal etxeen jarduerea eta historia aztertuko dabez, euskal jantzak abiapuntu harturik.

Azterketea liburu bihurtu arte, bide luzea egingo dabe Mignaburuk eta Arozenak. Lehengo-lehengo, XIX. mendearen amaieratik eta gaur arte euskal jantzakaz loturiko lekukoak jaso gura dabez. Horretarako, euskal etxeakaz hartu-emonetan izango dira: argazkiak, berbazko lekukoak eta jantzei lotutako ahalik eta informazino gehien, aldizkariak barne, batu gura dabez. Horren bidez, gura dabe jakin euskal jantzak Argentinan zelan transmitidu, zabaldu eta irakatsi dabezan. Izan be, horrek euskal kosmobisinoa bertan zelan iraun eta aldatu dan ikusi ahal izango dabe.

Jantzei eusteko behar handia egin (eta egiten) dabe euskal etxeetan, euskal kultureari eusteko era bat izan da-ta. Jantzek euskal komunidadea batzeko balio izan dabe, eta, halan ba, autoreen esanetan, zeregin soziala eta kulturala izan dabe.

Orain arte ez da egin horrelako azterketarik Argentinan eta Argentinako Euskal Bazkundeen Federazinoak (AEBF) bultzatu dau egitasmoa. Ganera, garagarrilean, Bilbon egingo dira Euskal Komunidadeen Nazinoarteko Jardunaldietan lana aurkezteko amesa daukie.

Magdalena Mignaburu Buenos Airesekoa da eta amaren eta aitaren aldetik arbaso euskaldunak daukaz. Buenos Aireseko euskal komunidadea be aztertu eban eta horretarako hango euskaldunakaz egon, lekukoak batu, argazkiak eskuratzen ibili zan lana osotzeko asmoagaz. Horregaz batera, Argentinako Euskal Bazkundeen Fereazinoaren historia batu izan dau liburua batean. Miren Arozarena AEBFko idazkaria da eta Euzko Ekintza jantza-taldeko jantzaria izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu