Blood diamond

Joseba Terreros 2007-02-16 01:00   Zinema kritikak

Istorio honi esker, Leonardo DiCapriok Oscarretarako beste izentapen bat jadetsi dau eta, antza danez, antzezle dramatikorik onenaren estatutxua eskuratzeko aukera handiak daukaz.

- Zuzendaria: Edward Zwick.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 138 minutu.
- Antzezleak: Leonardo DiCaprio (Danny Archer), Jennifer Connelly (Maddy Bowen), Djimon Hounsou (Solomon Vandy), Michael Sheen (Simmons), Arnold Vosloo (koronela), Kagiso Kuypers (Dia), David Harewood (capitán Poison), Basil Wallace (Benjamin), Ntare Mwine (M'ed).
- Gidoia: Charles Leavitt; Charles Leavitt eta C. Gaby Mitchell-en argumentu batean oinarrituta.
- Musikea: James Newton Howard.
- Argazkia: Eduardo Serra.
- Muntaia: Steven Rosenblum.
- Diseinua: Dan Weil.
- Jantziak: Ngila Dickson.

Danny Archer hegoafrikar mertzenario ohiak eta Salomon Vandy Mendeko arrantzaleak oso bizimodu desbardinak daukiez. Dana dala, Sierra Leonako gerra zibilaren sasoian batu egingo dira, diamante arrosa bitxi bat topetan ahalegintzeko, eta bizitzea goitik behera aldatuko deutsen bidaia batean sartuko dira.

Istorio honi esker, Leonardo DiCapriok Oscarretarako beste izentapen bat jadetsi dau eta, antza danez, antzezle dramatikorik onenaren estatutxua eskuratzeko aukera handiak daukaz. DiCapriok diamanteen salerosketan diharduan mertzenario baten zeregina beteten dau; bitxi horren etekinei esker, gerra ezin odoltsuagoak finantzatzen dira, umeen partaidetzea eta guzti.

Azken batean, honako hau abenturen drama bat da eta, gaiagaitik besterik ez bada be, interesgarritzat jo daiteke. Ganera, filmaren argazkia, paisajeak eta musikea ezin hobeak dira eta Afrikako hainbat herrialdetako miseria gorria irudikatzeko modua be bikaina. Unekada batzuetan hunkigarria be bada eta gidoia nahiz antzezpenak maila onekoak. Edozelan be, hainbat pasartetan sinisgarritasuna galdu eta hutsune batzuk igarten jakoz. Kritika ezin hobeak euki dauz, baina, ona izanagaitik be, larregi goratu dabelakoa daukat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu