The pursuit of happyness
2007-02-13 01:00 Zinema kritikakWill Smith-en jarduna ona izanagaitik be, zelanbaiteko betekadea eragiten deusku, kredituetan izan ezik, ia eszena guztietan azaltzen jaku eta. Ganera, kontakizuna ez da bape barritzailea.
- Zuzendaria: Gabriele Muccino.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 117 minutu.
- Antzezleak: Will Smith (Chris Gardner), Thandie Newton (Linda), Jaden - Christopher Syre Smith (Christopher).
- Gidoia: Steven Conrad.
- Musikea: Andrea Guerra.
- Argazkia: Phedon Papamichael.
- Muntaia: Hughes Winborne.
- Diseinua: J. Michael Riva.
- Jantziak: Sharen Davis.
Chris aita ezkonbakoa behar hobe baten bila dabil. Halako batean konpainia ospetsu batean praktikak egitea lortuko dau eta, soldatarik jaso ez arren, han jardungo dau lan eta etorkizun oparoago baten bila. Laster, Chris eta semea etxetik botako dabez eta laguntza etxeetan, autobus geltokietan eta komunetan bizi beharko dabe.
Film honen kalidade teknikoa kontuan hartuta, hasteko eta behin Hollywood-eko produktu bikain bat dala esan beharko geunke: alderdi guztiak ezin hobeto jagon eta ikus-entzuleak istorioan buru-belarri sartu eragin dabez. Baina, pelikula honek mila bider ikusitakoaz harantzago hunkitzeko eta gauza barriak pantailaratzeko daukan gaitasuna aintzat hartu behar badogu, balorazinoa jaitsi eta zelan-halangoa dala aitatu beharrean gagoz.
Bestalde, Will Smith-en jarduna ona izanagaitik be, zelanbaiteko betekadea eragiten deusku, kredituetan izan ezik, ia eszena guztietan azaltzen jaku eta. Ganera, kontakizuna ez da bape barritzailea: makina bat zoritxar gainditu eta zoriontasunaren zedarritzat persona dirudun eta eukitsua izatea lortzen dauen bihotz oneko aita fin eta behargina. Horri, jakina, ume atsegin, gatzdun eta polit baten laguntzinoa gehitu behar jako, ataraldi txar bakar bat ez daukana. Eta hori guztiori gitxi balitz, antza danez, honako hau guztia benetako jazokeretan oinarrituta dago. Egia esan, ez da txarra, baina enpagua emoten dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!