El laberinto del fauno

Joseba Terreros 2007-02-05 01:00

‘El laberinto del fauno’ filmaren alderdirik ederrena ikus-entzunezko sorkuntza lan surrealista eta fantastiko modura daukan biribiltasunean dago; zuzendariak ezin hobeto buztartu dauz fantasia iheskorraren eta errealidade gordinaren munduak. Ipuin zoragarria da, ederto atondu eta egitaratuta dagoana.

- Zuzendari eta gidoilaria: Guillermo del Toro.
- Herrialdeak: Espainia eta Mexiko.
- Iraupena: 112 minutu.
- Antzezleak: Sergi López (Vidal), Maribel Verdú (Mercedes), Ivana Baquero (Ofelia), Álex Angulo (osagilea), Ariadna Gil (Carmen), Doug Jones (fauno), César Bea (Serrano), Manuel Solo (Garcés), Roger Casamajor (Pedro).
- Musikea: Javier Navarrete.
- Argazkia: Guillermo Navarro.
- Muntaia: Bernat Vilaplana.
- Diseinua: Eugenio Caballero.
- Jantziak: Lala Huete.

Gerra Zibilaren osteko urte latzetan, Ofelia neskatoa mendiz inguraturiko herri txiki batera aldatuko da Carmen amagaz batera. Han, Vidal, Carmenen senar barria, eukiko dabe euren begira. Vidal frankisten armadako kapitain zitala da, eta armada errepublikanoko azken kideak mendian harrapetako agindua emon deutsie. Ofelia gaixoak ez dau gustoko aitaorde barria, baina, etorkizuna gero eta ilunagoa dala emoten dauenean, neskatoak eremu magiko bat topauko dau: labirinto baten hondakinak eta, han, fauno izeneko izaki bitxi bat. Faunoak, ganera, sekulako ezustekoa emongo deutso: Ofelia euren printzesa da eta espezie osoa dauka zain. Erreinu magikora itzultzeko, neskatoak zirrarez beteriko abenturak gainditu beharko dauz, fantasiak eta errealidadeak bat egingo daben esparru labankorrean.

Egitura bipolar batez horniduta eta fabulearen bilgarriz jantzita, Guillermo del Toro zuzendari mexikar ezagunak Gerra Zibilaren amaieran Frankoren armadeak egindako gehiegikerien barri emon gura izan deusku. Istorio bi dagoz: batetik, kontakizun errealista baina estereotipatuegia, eta, bestetik, neskato baten ameseten mundu eder eta liluragarria.

Lehenengo istorioa ederto kontauta egonagaitik be, lar eskematikoa da: txarrak lupua baino txarragoak dira eta onak ezin hobeak. Jakina danez, auzi honetan ikusleek Gerra Zibilaren ganean daukien pertzepzinoak be filmaren balorazinoari eragiten deutso bete-betean. Eta geurean guztiok dakigu sasoi ilun horretan zer jazo zan. Edozelan be, Vidal kapitainaren eta laguntzaileen irudi odolzale, krudel eta zitala demasekoa dalakoan nago, muturrekoegia, hatan be.

Eretxiak eretxi, ‘El laberinto del fauno’ filmaren alderdirik ederrena ikus-entzunezko sorkuntza lan surrealista eta fantastiko modura daukan biribiltasunean dago; zuzendariak ezin hobeto buztartu dauz fantasia iheskorraren eta errealidade gordinaren munduak. Ipuin zoragarria da, ederto atondu eta egitaratuta dagoana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu