Tanborradearen oihartzuna Euskal Herritik kanpo be entzun dabe
2007-01-22 01:00 Euskaldunak munduanAtzerriko euskal etxeek be bat egin dabe Donostiako tanborradeagaz. Ekitaldiak, tanborradea bera, eta, zelan ez, jatorduak preparau dabez San Senbastian eguna ospatzeko Mexikon, Argentinan, Bartzelonan...
Atzerriko euskal etxeek be bat egin dabe Donostiako tanborradeagaz. Ekitaldiak, tanborradea bera, eta, zelan ez, jatorduak preparau dabez San Senbastian eguna ospatzeko.
Mexikoko DFko euskal etxean, esaterako, igaz legez aurton be ekin deutsie tanborradea antolatzeari. Aurreko asteetan batu izan dira egun handian tanborra behar dan legez joteko. Aurton be andrek tanborradan parte hartu dabe. Osteko afarian, guztira berrehun bat andra-gizon batu dira mahaian. Mexiko DFko euskal etxeak antolatutako ekitaldien artean, tanborradea izaten da jente gehien batzen dauenetarikoa.
Caracasen (Venezuela) be tanborradearen doinua entzun dabe euskal etxeko ikus-entzuleek. Zapatuan, urtarrilaren 20an, tanborradea egin eben bai helduek bai umeek. Ekitaldia ezin zan guztiz borobila izan afaririk barik eta, horretarako, pintxoak eta marmitakoa be egin eben.
Necoechea, Argentinan, tanborradearen antolatzaile entzutetsua da. Beste euskal etxeetatik be hara joaten dira ekitaldian parte hartzeko. Eta aurton be ohitureari eutsi deutsie. Jaia barikuan, urtarrilaren 19an hasi eben, eta hogeian, zapatuan, amaitu. Herrian zehar kalejirea egin eben burhandiek, trikitilariek, pandero-joleek eta jantzariek. Danek bat egin eben tanborradeagaz euskal etxerako bidean. Bertan izan ebezan itxaroten txikiteoa, erromeria eta jatordua. Zapatuan be jatordua antolatu eben necoecheatarrek eta jantzariek barriro egin eben jantzan.
Bartzelonako euskal etxekoek ekitaldia eratu eben tanborradea ospatzeko. Afaria egin eben bazkideentzat eta, zelan ez, tanborrak jo. Horretarako sukaldariaren burukoak eta txirikilak banandu ebezan, gura eben guztiek parte hartu ahal izateko. Eta hori dana joan dan barikuan, Donostiakoa baino hogeta lau ordu lehenago.
Madrilen be ez dabe hutsik egin eta astebete izan ziran tanborradea antolatzen. Afaria eta gero, joandakoen artean txirikilak eta sukaldarien burukoak banandu ebezan. Batzuk besteei erakutsi eta danek alkarregaz jo eben martxea.
Murtzian be tanborradea izan eben, baina tanborrakaz barik, lapikoakaz jo eben. Dana dala, beste euskal etxeetan legez, han be ez zan jatekorik falta. Tanborradea jatordu barik, taborrada erdi izango litzateke, duda barik. Bazkideek barikuan tanborradea jo eben ikus-entzuleen aurrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!