Babel, Urrezko Globo Saria Film Onenari
2007-01-15 01:00 Zinema kritikakPelikula honetan hiru istorio nahastau eta alkarregaz buztartzen dira, ahul eta makalgunez jositako gizateria honen gainbeherearen barri emoteko. Gidoia zoragarria da, distiratsua eta argia.
- Zuzendaria: Alejandro González Iñárritu.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 143 minutu.
- Antzezleak: Brad Pitt (Richard), Cate Blanchett (Susan), Gael García Bernal (Santiago), Elle Fanning (Debbie), Kôji Yakusho (Yasujiro), Rinko Kikuchi (Chieko), Adriana Barraza (Amelia), Nathan Gamble (Mike), Mohamed Akhzam (Anwar), Peter Wight (Tom), Harriet Walter (Lilly), Trevor Martin (Douglas), Mónica del Carmen (Lucía).
- Gidoia: Guillermo Arriaga; Guillermo Arriaga eta Alejandro González Iñárrituren argumentu batean oinarrituta.
- Musikea: Gustavo Santaolalla.
- Argazkia: Rodrigo Prieto.
- Muntaia: Stephen Mirrione eta Douglas Crise.
- Diseinua: Brigitte Broch.
- Jantziak: Michael Wilkinson.
Basamortuan tiro bat entzun da eta horrek hainbat kulturatako personak batuko dauz ezustean. Jatorri eta izakera desbardinekoak izanagaitik be, guzti-guztiak bakarrik sentiduten dira. Euren bizitzen basamortuan galduta biziraun beharko dabe, nahasmentuaren eta bildurraren trokara jausi barik. Ganera, maitasunaren eta hartu-emon sekretuen bidezidorretatik zehar be ibiliko dira.
Pelikula honetan hiru istorio nahastau eta alkarregaz buztartzen dira, ahul eta makalgunez jositako gizateria honen gainbeherearen barri emoteko. Filman gehienbat maitatzeko eta maitatuak izateko gainditu beharreko oztopo eta traben ganean egiten da berba, baina inmigrazino, armen salmenta, bizitzen balio, nazinoarteko terrorismo eta globalizazinoaren moduko gaiak jorratzen dira, guztiok inplikatzen gaituen hurreko ikuspuntu batetik.
Gidoia zoragarria da, distiratsua eta argia; edozelan be, ez da harritzekoa, Guillermo Arriagaren aurreko lanen jakinaren ganean egon ezkero. Bestalde, zuzendariak bilozik agertzen jakun hiperrealismo batez jantzi eta atondu dau Marokoko mendi antzu eta ederrak, AEBen eta Mexikoren arteko muga itogarria eta Japonia hotz, bakarti eta teknologikoa lotzen dauzan kontakizun eder hau. Aktoreek be ederto bete dabe euren beharra eta, berenberegi azpimarratu behar dira gaztetxuek egindako antzezpen sinisgarri eta onak.
Izenburuak komunikazino faltea, hizkuntz ezbardintasunak, ez-ulertuak... aitatzen deuskuz, baina, ‘Babel’ honetan ikusi ahal izango dozuen legez, gizaki guztion gurari, asmo, sentimentu eta jokabideak antz-antzekoak dira, bereizketa merkeen zaleek gura leukien baino askoz be unibersalagoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!