Fruta tropikalak

Amaia Laforga Dietetikan Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2007-01-11 01:00   Jan edanak

Gabonetako ospakizunak amaitu dira eta egunotako gozo eta opilak ahaztu eta eskura doguzan hamaikatxu fruta exotikoak aukeratzea da orain bidea.

Gabonetako ospakizunak amaitu dira eta egunotako gozo eta opilak ahaztu eta eskura doguzan hamaikatxu fruta exotikoak aukeratzea da orain bidea. Kolore biziko, usain bereziko eta itxura askotakoak topau geinkez gero eta gehiago dendetan. Fruta tropikal edo exotikoen konsumoa eten barik hazi da Euskal Herrian. Oraintsura arte, ia guztiz ezezagunak ziran tropikoetatik datozen fruta asko. Eguberrietan izaten da fruta tropikalen eskaintza handiena merkatuetan, nahiz eta fruta gehiago topau urte osoan. Horreen artean ezagunenak aguakatea, txirimoia, mangoa edo papaia izan daitekez. Edozelan be, beste batzuk denporatxua daroe gure artean eta ez doguz tropikaltzat hartzen, berbarako, bananea edo kokoa. Beste batzuk, barriz, barriak direla esan geinke, baina oso ezagunak eta asko jaten diranak: kiwia, esate baterako.

Nutrizino ezaugarriak

Fruta exotiko honeen pisuaren % 80tik % 93ra bitartean ura izanik, bitamina, mineral-gatz, elementu fitokimiko (flabonoide eta karotenoideak) eta zuntz iturri oparoenak dira. Zuntz horren hartzidurea kolon hestean egiten da, eta zuntzaren ezaugarri onuragarri guztiak agertzen dira: hesteetako flora barriztatzen da, kakaren bolumena handitu (idorreriari aurre egiten), gantzen xurgapena hesteetan gitxitu eta odolaren kolesterola eta azukerea kontrolpean mantentzen laguntzen dau.

Karbohidrato sinpleek (glukosea, sakarosea eta fruktosea) zehazten dabe fruta exotikoen energia balorea baina portzentajea aldatu egiten da fruta batetik bestera. Azukeretan oparoenak txirimoia, mizpira heldua, kakia, mangoa eta anana tropikala dira. Fruta horreek mesedegarriak dira ariketa fisiko gogorrak egin behar diranean ze azukerea odoletara pasetan da zuzenean eta organismoa berehala horniduten dabe energiaz.

Mineral-gatzen ekarpena be handia da, potasio eta magnesioa nabarmenduz: gatz honeek nerbio-kinadaren transmisinoan eta muskulu-mobimentuan eragin onuragarria dabe. Beste alde batetik, fruta tropikal honeek ia-ia sodiorik bakoak diranez, bihotzerako sano osasungarri dira. Aguakateak eta kokoak kenduta, frutok oso proteina eta koipe gitxikoak dira.

Bitaminen iturria

Fruta exotikoak C bitaminan aberatsak dira, izan be, bitamina horren bigarren iturri garrantzitsuena dira, zitrikoen ondotik (laranjea da bitamina honen iturri nagusia nutrizinoaren aldetik). Beste aldetik, fruta tropikalak azido organikoetan (malikoa edo zitrikoa) be aberatsak dira. Infekzinoen kontra babestuko gaituen sistema inmunologikoa eraginkor mantentzeko behar-beharrezkoa dan C bitaminearen eragina areagotu egiten dau azido zitrikoak. Izan be, bitamina horretan aberatsa dan fruta bakar bat nahikoa da egunean aholku dietetikoak betetako; dana dala, ganerako bitamina eta mineral-gatzen ekarpena ondo betetako, egunean bi edo hiru ale hartzea hobe dala aholkatzen dogu nutrizionistok; jakina, fruta exotiko horreez gainera, nutriente horreek ugari dabezan bestelako elikagaiak be (era guztietako barazkiak, jakina) ez dira baztertu behar. Fruta tropikalen beste ezaugarri nagusietako bat, karotenoideen (ahalmen antioxidatzailea daben landare-pigmentuaka) eduki handia da.

Fruta tropikal ezagunenak:

· Aguakatea: frutek berez daukien gozotasunik barik, aguakateak oso ondo doaz entsalada, saltsa edo krematan. Fruta tropikaleen artean koipetsuena da, insaturautako gantzak dira. E bitamina (antioxidatzailea) eta B6 bitaminearen (nerbio-sistemarako ona) iturri oparoa izanik, umotzean hobetu egiten dira aguakatearen nutrizino-bereizgarriak. Hori bai, koipean aberatsa danez, pisu handiegia daben personek oso kontuz eta neurriz konsumidu behar dabe fruta hau.

· Kokoa: hazurren mineralizazinoan partaide diran gatz ugari (magnesioa, fosforoa eta kaltzioa) daukaz, fruta koipetsua da baina, aguakateak ez bezela, honen koipe gehienak saturatuak dira. Koipe saturatu ugari daben elikagaien ohiko konsumo handiak odoletan kolesterola areagotu egin leike. Koko-orioa, merke-merkea dannez, opilgintza industrial eta margarinen fabrikazioan erabilten da.

· Anana: azido foliko ugari dauka. Digestinoan parte hartzen daben enzimetako baten antzekoa (bromelina) dauka ananak, proteinak digeriduten laguntzen dauena: beraz, digestinoa errazteko postre parebakoa da edo, gehiegikeriei aurre egiteko urdaila preparetako oso ona. Entsaladetako osogai aparta da anana.

· Papaia: maminak laranja kolore bizi-bizia hartzen dauenean dago umatua. Papaina izeneko enzimeak proteinea digeridutea errazten dau: horregaitik erabilten dira papaia-hostoak okelea samurtzeko. Zaharrek edo urdaileko arazoak dabezanentzat elikagai aproposa da.

· Kakia: melokotoiaren neurriko baia honen azala tomatearenaren antzekoa da. Pure eginik, gaztanbera, iogur eta esnegainaren bidelagun egokia da. Heldutakoan, zuntz disolbagarriaren iturri oparoa da kakia.

· Mangoa: kolore berdeska, horista edo gorriska eta gultzurrun itxurakoa, laranja koloreko mamina dauka eta betakaroteno (A-bitamina) gehien daukana da; horrezaz gan, E bitaminea be badauka. Mangoaren berezko gustoa hartzeko modurik egokiena era naturalean da, edo irabiakian.

· Kiwia: zuntzean, C eta E bitaminetan eta azido folikoan da aberatsa. Gizaki heldu baten C bitaminearen preminak beteko ditu egunean kiwi bakar batek.

· Txirimoya: orburuaren trazakoa, barrualdean hazi baltzak ditu txirimoiak. Hau da bitamina-zerrenda zabalena eskaintzen dauen fruta exotikoa.

. Guaiaba: haziz josita dauka mamina. Zitrikoek C bitamina ugari dabela entzuna badogu be, guaiabak bere azalaren azpian bi holako batzen dau. Ezaugarri astringentea dauka eta herri tropikaletan beherakoaren kontra erabilten da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu