Hotzaren kontra, neguko barazkiak
2006-12-28 01:00 Jan edanakSasoiko elikagaia da kontsumitzailearentzat egokiena: normalean merkeagoa da eta haren ezaugarri organoleptikoak (gustoa, usaina, kolorea…) be hobeak dira. Horrezaz ganera, sasoiko produktuak kontsumiduten badoguz, produkzino-ziklo naturala errespetetan lagunduko dogu, ingurumenean ondorio onuragarriak eraginez.
Udako egun luze eguzkitsuetako ohiko jatekoek ez dabe balio dagoeneko; ahulegiak dira negua behar bezela pasetako. Edozelan be, natureak, beti jakintsu, negua behar dan moduan pasetan lagunduko deusku: katarro, hotzikara eta enparauei aurre egiten laguntzeko moduko sasoiko elikagai osasuntsuak eskainiz. Garai honetan, tenperatureak behera egiten dauenez, beroari eusteko kaloria premina handiagoa dauka gure organismoak.
Kontuak kontu, sasoiko elementuak hartzea komeni da hiru ikuspegitik: nutrizinoaren, ekonomiaren eta ekologiaren aldetik begiratuta. Elikagai baten nutrienteen kopurua (bitamina eta mineral-gatzak, besteak beste), hazi dan lurren oparotasunaren eta produktuak izan dauen manipulazioaren araberakoa izango da, bestelako faktoreak gorabehera. Barazkien garapenik onena eta nutrizinoaren aldetik kalidade egokiena, hazkuntzarako baldintza onenetan topauko doguz, hau da, landarearen berezko egutegiari eusten jakonean.
Sasoiko elikagaia da kontsumitzailearentzat egokiena: normalean merkeagoa da eta haren ezaugarri organoleptikoak (gustoa, usaina, kolorea…) be hobeak dira. Horrezaz ganera, sasoiko produktuak kontsumiduten badoguz, produkzino-ziklo naturala errespetetan lagunduko dogu, ingurumenean ondorio onuragarriak eraginez.
Sasoi honetako elikagaien artean azelga, espinaka, porrua, azea, azalorea, berakatza, kipulea, ilar eta babak, kardua, borrajea eta erremolatxa nabarmendu daitekez.
Sufredun konposatuak barazkietan
Barazki aliazeoek (kipulea, berakatza, porrua, etab.) ezaugarri mukolitiko eta antiseptikoak dabez: mukia samurturik, kanporatzea errazten dabe eta, gainera, gatxa sortarazo edo larriagotu daben birusen kontra egiten dabe. Kipula bati edo beste edozein barazki aliazeori darion esentzia arnastu eta mukiak errazago kanporatzeko ez eze, eztula bera be lasaitzeko baliogarria da. Elikagaion esentzia edo orioa osotzen daben sufredun konposatuak, urdailera heldu bezain laster, odolera pasetan dira eta birikietatik aldendu. Prozesu hau dala eta, kipulea edo berakatza jan eta handik minutu gitxitara hartuko dau usain bereizgarri hori arnaseak, baina katarroa eta eztula be aldentzen da.
Sufredun osogai horreek eragin antiespasmodiko, mukolitiko (mukiak kanporatzen laguntzen dabe) eta antibiotikoak dabez. Horrenbestez, elikagaiok hartuta hobetzen dira arnas bideetako gatxak. Baina egosikeran galdu egin daitekez aitatutako propiedadeak eta, beraz, komeni da kipulea eta berakatza gordinik hartzea edo irakinaldi labur bat emonda.
Borrajeak, barriz, arnas bideetako mukosak leundu eta bertako hanpadurea apaldu egiten dau. Barazki hau negukoa da eta eragin leungarriko muzilagoak daukaz. Salda eta guzti, irakinik hartzea arnasketako gatxzen kontrako konponbide onuragarria da.
Kruziferaren familian aza mota guztiak dagoz: aza arrunta, aza zuria, azalorea, brokolia, bruselas-aza, aza gorria edo lonbardea. Azak, oro har, greziarren eta erromatarren garaitik erabili izan dira bai elikagai eta bai botika modura. Oso energia eta proteina gitxikoak dira baina zuntz, bitamina eta gatz mineraletan sano aberatsa.
Zitrikoen baimenagaz, azearen familiako barazkiak dira C bitamina eta beronen eragin mesedegarria gehien areagotzen dabenak.
Bitaminak
Gure organismoarentzat A bitaminea beharrezkoa da larruazala eta mukosak (bronkioen barrualdea estaltzen dabenak, besteak beste) egoera egokian mantentzeko eta arnasketako gatxen arriskua arintzeko. Azenarioa da betakaroteno ugarien daukan elikagaia. Betakaroteno izeneko antioxidatzailea, azkenean, hesteetan A bitamina bihurtzen da, organismoak horren preminea igarri ahala.
Arbi-orriek, C bitamina, E bitamina eta folatoez oparo agertzeaz gainera, betakaroteno ugari daukie. Sasoiko orridun barazkiek (azelga, endibia, borrajea) folato asko eta zuntz ugari eukiteaz gan, betakarotenoak eta C bitaminea (endibiak izan ezik) be badaukiez. Ganerako barazkietan legez, kanpoko orriak dira bitamina gehien dakienak. Beroak betakaroteno edo A bitaminea desagertarazoten ez dauenez, elikagaiak egostearen ondorioz substantzia hau ez da murrizten. Barazkiok franko kontsumidu ezkero, bronkioetako mukosearen egoerea hobetu eta eztula arinduko dogu.
A bitaminak ez bezela, C bitamineak beroaren eta oxidazinoaren eragina dauka. Horregaitik sano garrantzitsua da eguneroko otorduetan gordinik dagozan edo irakinaldi labur-laburra hartu daben barazkiak jatea, berbarako, entsaladetan, nutriente horren galera ahalik eta modu egokienean orekatzeko.
Baina inoiz ez ahaztu elikagaiak, elikagaiak baino ez dirala, eta ez medikamentuak. Osasuntsu sentiduteko eta neguari aurre egiteko barazkiak gure eguneroko elikaduran egon behar dira, euren funtzioa prebentzinoarena baita, ez osatzearena. Eta gogoratu saldetan dagozala bitaminak eta nutrienteak!!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!