Derecho de familia

Joseba Terreros 2006-12-28 01:00   Zinema kritikak

Film honetan umorea, zakarkeriaren preminarik ez daukan sensibilidadea eta samurtasuna buztartzen dira neurri-neurrian, familia baten barruko hartu-emonen gorabeheren barri emoteko eta, batez be, aitatasunak dakartzan desafioak aztertzeko.

- Zuzendaria eta gidoilaria: Daniel Burman.
- Herrialdeak: Argentina eta Espainia.
- Iraupena: 102 minutu.
- Antzezleak: Daniel Hendler (Ariel Perelman), Julieta Díaz (Sandra), Arturo Goetz (Perelman), Adriana Aizenberg (Norita), Eloy Burman (Gastón), Damian Dreizik (Darmidjian), Darío Lagos (Mamuñe), Luis Albornoz (Echechuny).
- Musikea: César Lerner.
- Argazkia: Ramiro Civita.
- Muntaia: Alejandro Parysow.
- Zuzendaritza artistikoa: María Eugenia Sueiro.
- Jantziak: Roberta Pesci.

Ariel eta beraren aita abokatuak dira, baina, antzekotasunak antzekotasun, oso izakera desbardinekoak. Semearen bizitza personala eta profesionala nahiko gogaikarriak dira, baina gauzak hobetu egingo dira ezkondu eta semea eukikeran. Horrek Arieleri konfiantzea berreskuratzen lagunduko deutso. Edozelan be, ezustean bizitzea aldatuko deutson erabagi bat hartu behar izango dau.

Film honetan umorea, zakarkeriaren preminarik ez daukan sensibilidadea eta samurtasuna buztartzen dira neurri-neurrian, familia baten barruko hartu-emonen gorabeheren barri emoteko eta, batez be, aitatasunak dakartzan desafioak aztertzeko.

Itaunak egin bai, baina erantzunik emoten ez dauen off-eko ahots baten bitartez, ikusleek personaia nagusiaren barruko zein kanpoko mundua ezagutu ahal izango dabe: protagonistearen istorioak, gatazkak, gurariak, kontraesanak... Horreek guztiak ikusleei aurkeztu eta honeek aukeratu, sailkatu eta ulertu behar izango dabez, ezelako aurreretxi barik. Pelikula honek ez dau sermoirik emoten, ez dau inor konbentzidu gura, ez dau ezer be ezartzen, ezta baieztatzen be.

Bestalde, erraz be erraz bereganatzen dan estetika batez horniduta dago; apaltasunez jokatzen dau, aparteko artifizio merkeak albo batera lagata. ‘Derecho de familia’ apaindura gitxiko kontakizun barregarri eta interesgarria da, umorearen bidez tarte gozoa igaroteko aukera ezin hobea emoten dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu