Eragon

Joseba Terreros 2006-12-22 01:00   Zinema kritikak

Film honetan azaltzen dan guzti-guztia aldez aurretik ikusi dozuela pentsauko dozue; ganera, personaia guztiak zeharo estereotipauta dagoz: onak gazteak eta lirainak dira eta txarrak motzak eta zatarrak.

- Zuzendaria: Stefen Fangmeier.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 104 minutu.
- Antzezleak: Edward Speleers (Eragon), Jeremy Irons (Brom), Sienna Guillory (Arya), Robert Carlyle (Durza), John Malkovich (Galbatorix erregea), Djimon Hounsou (Ajihad), Garrett Hedlund (Murtagh), Joss Stone (Angela).
- Gidoia: Peter Buchman, Christopher Paolini-ren nobelan oinarrituta.
- Musikea: Patrick Doyle.
- Argazkia: Hugh Johnson.
- Muntaia: Roger Barton.
- Diseinua: Wolf Kroeger.
- Jantziak: Kym Barrett.

Eragonek, etxalde bateko mutiko xume batek, topau dau zabaldu aginean dagoan dragoi arrautza bat. Horrek goitik behera aldatuko deutso bizimodua: botere magikoek eta patuak gidatutako mundu barri bateko errege errukibako eta zitalari eta beraren gerlariei egin beharko deutse aurre.

Holako baten begira gengozan eta, azkenean, ailegau egin da, kontu hau aspaldikoa dalako, benetan: zinemagintzan arrakasta handiko filmen bat dagoan bakotxean, ezaugarri bereko beste hamaika heltzen jakuz, baina, zoritxarrez, gehienetan kaskar eta makalagoak. Hori berori jazo zan Eraztunen Jaunak sorturiko zalaparteagaz eta orain, beraren haritik egindako erdipurdiko produkzinoak sufridu behar doguz.

Film honetan azaltzen dan guzti-guztia aldez aurretik ikusi dozuela pentsauko dozue; ganera, personaia guztiak zeharo estereotipauta dagoz: onak gazteak eta lirainak dira eta txarrak motzak eta zatarrak. Gidoiaren ganean hobe da ezer ez esatea, baina argi eta garbi dago John Malkovich-en moduko antzezle handi batzuek ez dabena une bakar batean be sinisten.

Hollywood-en ederto dakie gaztetxuei zuzendutako pelikulek itzelezko etekinak emoten dabezana. Neska-mutikoak palomita eta coca-cola kontsumitzaile amorratuak dira eta istorioagaz batera mozkin interesgarriak emoten dauzen merchandising-a erruz bereganatzeko prest izaten dira. Izar handien enpresa honen helburu nagusia dirua irabaztea da, baina lantzean-lantzean produktu duinagoak be eskaini leikez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu