Casino Royale
2006-12-20 01:00 Zinema kritikakJames Bond ostera be itzuli da pantaila handira, baina, Pierce Brosnan-ek antzezturiko personaiarengandik urruntzeko eta gauza barriak aurkezteko egindako ahaleginak gorabehera, film honen emoia ez da izan aurrekoena baizen distiratsua.
- Zuzendaria: Martin Campbell.
- Herrialdeak: Erresuma Batua, Txekiako Errepublika, Alemania eta AEB.
- Iraupena: 144 minutu.
- Antzezleak: Daniel Craig (James Bond), Eva Green (Vesper Lynd), Mads Mikkelsen (Le Chiffre), Jeffrey Wright (Felix Leiter), Judi Dench (M), Giancarlo Giannini (Mathis), Caterina Murino (Solange), Simon Abkarian (Dimitrios), Jesper Christensen (Sr. White), Ivana Milicevic (Valenka), Tobias Menzies (Villiers), Sébastien Foucan (Mollaka), Isaach De Bankole (Obanno).
- Gidoia: Neal Purvis, Robert Wade eta Paul Haggis; Ian Fleming-en nobelan oinarrituta.
- Musikea: David Arnold.
- Argazkia: Phil Méheux.
- Muntaia: Stuart Baird.
- Diseinua: Peter Lamont.
- Jantziak: Lindy Hemming.
Film honetan James Bondek 007 modura bete beharreko lehen zereginaren barri emoten dau, beti be hilteko lizentzia lortu aurretik. Agente ospetsuaren beharra terrorista talde bat ikertzea izango da eta alkarte honek munduko erakunde terroristen bankariagaz daukazan hartu-emonak topauko dauz.
James Bond ostera be itzuli da pantaila handira, baina, Pierce Brosnan-ek antzezturiko personaiarengandik urruntzeko eta gauza barriak aurkezteko egindako ahaleginak gorabehera, film honen emoia ez da izan aurrekoena baizen distiratsua. Hasteko eta behin, 007 barria zakar, lotsabako eta hezigatxagoa da, duda barik, eta horretan, lan txukuna egin dabe baten eta bestearen artean bereizteko ezaugarriak eta mugak zeintzuk diran argi geratu daiten.
Barrikuntzak barrikuntza, filmak ez dauka ezelako konplexutasunik, behar baino luzeagoa da eta agiriko moduan makaltzen da kontakizunaren erdialdera ailegaukeran. Ganera, pelikulan azaltzen dan maitasun istorioak minutu larregi hartzen dauz eta ez da bape sinisgarria. Horri Daniel Craig-en karisma faltea gehitu behar jako; antzezleak efektu berezi ikusgarrietan azaltzeko behar dan fisikoa dauka, baina ez daki seriotasunetik harantzagoko erregistroetara hurreratzen, ez daki bere burua erakargarri bihurtzen. Ikusteko eta segiduan ahazteko moduko filma besterik ez da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!