Elikadura arazoak, anorexia baino gehiago
2006-12-15 01:00 Jan edanakGorputzaren kultoa eta elikadurearen gehiegizko kontrola dala eta, gero eta gehiago entzuten dogu anorexia berbea. Baina beste hainbat gaixotasun be badagoz horregaz lotuta, bulimia, bigorexia eta ortorexia berbarako.
Barriro entzun behar izan dogu modelo bat hil dala anorexiak jota. Orain dala gitxi, Madrileko Cibeles pasarelan eztabaida etikoa publikora zabaldu zan modeloen neurriak finkatzeko. Oinarria: gorputzaren kultoa, elikadurearen gehiegizko kontrola. Gero eta gehiago entzuten dogu anorexia berbea eta gaixotasuna gero eta gehiago ikus geinke gure inguruan.
Anorexia, pisua galdu nahi
Elikadura portaerearen nahasketea da anorexia, jatekoari modu sistematizatuan uko egitea barruko gatazka psikikoen erantzun legez. Elikadura murrizte metodikoaren jokaereari ‘anorexia nerbiosoa’ deritxo.
Gaurko moden eta baloreen eragina igarri arren, anorexia ez da atzo goizeko gaixotasuna. IX. mendean agertzen dira lehenengoz gaixotasunaren sintomen eta ondorioen deskribapenak, baina izenik barik. ‘Anorexia mental’ izena H. Huchard-ek asmau eban 1883an.
Baina anorexia ez da elikadura portaerearen nahastea bakarrik. Azter daiguzan gaixotasunaren oinarriak:
- Anorexia nerbiosoa: gero eta murriztuagoak diran dietak erabilita argaltzea. Sintomak:
- Loditzeari bildur ikaragarria.
- Asko pisatzen dauela uste izatea, nahiz eta kontrakoa izan.
- Hilerokoaren desagertzea.
- Sekulako argaltasuna.
- Ulea jaustea.
- Dardarizuak, beti hotz izatea.
- Bulimia nerbiosoa: jatearen desioak kontroletako gaitasun eza, ondoren errudun sentidu eta botaka (beste gauza batzuren artean) egiteko. Sintomak:
- Jan ondoren komunera joatea.
- Kontrol barik jatea.
- Hileroko irregularrak.
- Loditasun apur bat.
- Gaueko nahastea: lotan dagoala, gauean jatera altzau. Sintomak:
- Ez dau ezer gogoratzen eta ukatu egiten dau.
- Egunez, dietea egiten dau.
- Kontrolik barik jatea: Gehiegi jatea kontrola izateko gaitasunik euki barik. Sintomak:
- Egun guztian jaten dau.
- Lotsatu egiten da, arin eta ezkutuan jaten dau.
Bigorexia, pisua hartu nahi
Anorexiaren kontrakoa da bigorexia. Gaixotasuna 1993an diagnostikau eban lehenengoz Estadu Batuetako Harrison G. Pope psikiatreak Harvardeko Medikuntza Fakultadean. Gaixoak oso argal ikusten dau bere burua eta gorputz gihartsua izatea obsesino eta helburu nagusi bihurtzen da. Gero eta gihartsuago egoteko eta horri eutsi ahal izateko, hainbat bide erabilten ditu. Gimnasioan ordu ugari emoten ditu egunero, ia bere bigarren etxea izateraino eta modu obsesibo eta konpulsiboan egiten dau kirola. Zoritxarrez, kasu horretan kirolaren helburua ez da izaten osasuntsuago egotea, gero eta gihar gehiago izatea baino.
Elikadureari jagokonez, bigorexia daukanak izugarri handitzen dau dietako proteina kantidadea eta koipeak gitxitu. Arrautza egosiaren zuringo asko jaten ditu (20 arrautza-zuringo jan leikez egunean), koipe gitxien daukien okela eta arrainak (ahalik eta koipe gitxienagaz preparauta) eta esneki gaingabetuak. Helburua gero eta gorputz gihartsuagoa eta indartsuagoa lortzea da. Dietea izugarri desorekatzen danez, gibelak eta giltzurrunek upealako lana egin behar izaten dabe proteinen hondakinak kanporatu ahal izateko eta arazoak eta kalte larriak izan leikiez organo horreetan.
Dieta desorekatua egiteaz gan, esteroideak eta anabolizanteak hartzen ditu gihar masearen produzinoa handitzeko eta horrek ondorio oso kaltegarriak daukaz: bihotz- eta zirkulazino-gaixotasunak izateko arriskua handitzen dabe, gibeleko arazoak eragiten dabez, barrabilen tamainua txikitzen dabe, erekzino-arazoak sortu arazoten dabez eta prostatako minbizia izateko arriskua dakarre.
Bigorexia daukan personearen ezaugarri psikologikoak elikadurearen portaerean beste nahaste batzuk daukiezenen ezaugarrien oso antzekoak dira: autoestimu txikia, izaera zarratua, heldutasun faltea, gizartean integretako arazoak, ansiedadea, depresinoa...
Ortorexia, osasuntsuegi jan nahi
Oinarri psikologikoagaz eta elikadureagaz lotutako beste gaixotasun bat da: janari-elikagai osasuntsuekazko obsesino patologikoa. Steve Bratman Estadu Batuetako medikuak erabili eban lehenengoz ortorexia berbea 1996an, berak sufriduten eban arazoa diagnostiketako. Osasuntsu jan gura izatea, berez, bidezkoa eta oso egokia da. Baina ideia hori obsesino bihurtzen danean, edozein gehiegikeria edo murrizketa bezain kaltegarria izan daiteke.
Nahaste hau sufriduten dauen personeak jan, jaten dau, baina dieta oso modu zorrotzean kontroletan dau eta jatearen plazerra ukatu egiten deutso bere buruari. Kilokalorien eta elikagaien kantidadea eta osogaiak aztertzen ditu, baita janarien kalidadea eta preparetako modua be. Normalean, baztertu egiten ditu okelea, koipeak, zenbait esneki, ontziratutako jatekoak, azukerea, uruna, aurrez preparautako jatekoak, freskagarriak, kafeinea eta edozein substantzia artifizial. Janari biologikoak, produktu dietetikoak, integralak eta koiperik bakoak izaten dira nagusi bere dietan eta gehiena gordinik edo egosita jaten dau. Janarien jatorria zein dan jakin behar dau eta ez dau ezelako gehigarririk izan behar, bestela baztertu egiten dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!